Antziola eta Sagastiya bezalako operazioak beren politikari esker lortu direla dio Udalak

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 8a, 02:00

IÑAKI Arratibel Zinegotziak Hirigintza Batzordearen izenean erantzun dio Bildu Hernanik Sagastiyako etxebizitzen inguruan esandakoei. Arratibelek honela dio oharrean: ´Asko pozten gaitu Bildu Hernaniri etxebizitza babestuaren inguruko interesa piztu zaiola ikusteak. Hain zuzen ere etxebizitza babestuen arrastorik ere ez denean antzeman bere burua ezker abertzaletzat duen horrek Hernaniko Udal Gobernuaren buruan igarotako urte luzeetan burutu diren ekintzetan; ezkerrari buruz duten ikuspegi bitxiaren ondorioz, seguruenik`.

Etxebizitza politika
Arratibelek dio positiboa iruditzen zaiela BH ´Rekondo buru izan duen Udal Gobernuek bultzatako etxebizitza babestu politikara biltzea` eta azpimarratzen du politika horri eskerrak gauzatu direla babestutako etxeen inguruko operazio garrantzitsuak, ´esaterako Antziola edo Sagastiyan`. Sagastiyako proiektuari dagokionez, Arratibelek dio BHk badakiela ´Udal teknikariak hasierako onespenaren aurretik derrigor egin behar diren txostenak bukatzen ari direla momentu honetan`.

Zenbait zalantza
Prentsa ohar bukaeran Hirigintza Zinegotziak dio zenbait zalantza argitu gabe daudela ´esate baterako zergatik tematu zen ezker abertzalea aurreko agintaldian Txantxillan eraikitako etxebizitzen artean etxebizitza babestuen kopurua %20 murrizten, udala lurzoruaren %40aren jabe izan arren?`. Horren harira azpimarratu du oraingo Udal Gobernuak operazio hura desegin behar izan zuela ´hernaniarrentzat benetan onuragarria izan zedin`.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!