Telebista digital berria Hernaniko etxeen %80ean ikusi ahal izango da

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 8a, 02:00

DENEN ahotan dabil telebista digital berria (TDT delakoa) eta horregatik jo du Kronikak Mariano Alda Telemarreko gerentearengana telebista digital berriaren nondik norakoak argitzeko eta jarri nahi izan ezkero zer urrats eman behar diren jakiteko, horrez gain telebista digitalak eskainiko duen programazioaz ere hitz egin digu.
Mariano Aldak azaldutakoaren arabera Hernaniko etxeetako %80ean ikusi ahal izango dira telebista digitalak eskainiko dituen 35 bat kateak, zonalde batzuetan ezin baita seinalea harrapatu.
2010erako herritarren telebista guztiak sistema honetara moldatu beharko dituzte telebista ikusten jarraitu nahi baldin badute behintzat. Sistema analogikoa desagertu egingo da.

Zein urrats eman eta zenbat kostatzen den
Kanal digital hauek ikusi ahal izateko ez da telebista zaharra zakarretara bota beharrik izango; nahiko da antena moldatzea (komunidadekoa ala partikularra) eta telebistari seinale digitala deskodifikatzeko aparailua erostea. Nahi izanez gero badaude telebista berriak seinale digitalerako prestatuta, baina oraindik ez dago aukera askorik merkatuan.
Seinalea deskodifikatzeko aparatu hauetan aukera desberdinak daude Mariano Aldak azaldutakoaren arabera. Merkeenek 60 bat euro balio dute batez-beste baina duten desabantaila da nahiko konplikatuak direla jartzerako garaian. Badaude jartzen errazagoak direnak eta erderaz datozenak; horiek 100 euro balio dute batez-beste. Badaude aurreratuagoak diren deskodifikadoreak ere, telebista interaktiboan aritzeko aukera ematen dutenak, baina oraindik ere ez dago horrelako telebista kateetan aukera haundirik, nahiz eta aurrerago etorriko den. Telebista interaktiboak emango du aukera esate baterako: telebistako debate eta lehiaketetan parte hartzeko eta musika jaitsi, besteak beste.
Antena moldatzean aldiz 600 eta 1.400 euro artean kostako da, komunidadearen tamainaren arabera.
Hortik aurrerakoa, hau da programazioa, ez da ordaindu beharrik izango.

Zer ikusi ahal izango den
Mariano Aldak azaldu du 35 bat telebista kanal ikusteko aukera izango dela TDTarekin. Telebista kanal asko egun dauden kateetatik sortuko dira: RTVEk 7 kanal, Antena 3k 3 kanal, Telecincok 3 kanal, EITBk 4 kanal eta Cuatrok 3 kanal. Horrez gain lizentzia berriak ere emango dira, telebista lokaletarako 4 kate banatuko dira adibidez. Kate berri horietako asko espezializatuak izango dira: haurrentzako programazioa, informatiboak, musika, kirolak, eta abar.
Telebistako deskodifikadoreak kanal horiek ikusteko aukera emateaz gain, orain dauden kateak kalitate digitalean ikusteko aukera ematen du. Horrek esan nahi du ez dela interferentziarik izango, ezta elurra deitzen zaion hori ere (punto txuri eta beltzak).

Demanda eta informazio eskean jende asko
Mariano Aldak azaldu du Hernanin Telemar denda dela sistema hori jarri dezakeen bakarra eta dio demanda asko ari direla izaten, eta informazio eskean jende asko etorri zaiela ere bai. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!