Jazza eta tangoaren sustraietara bidaia ‘Pirineos Jazz Orchestra’ eta ‘Lunfardo’ren eskutik

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 7a, 02:00

MUSIKAREKIN lotuta bi emanaldi izango dira datorren abenduaren 13 eta 14an Biteri kultur etxean. Abenduaren 13an, asteartea, Lunfardo taldeak musika eta dantza uztartuta, tango ikuskizuna eskainiko du. Bestetik, abenduaren 14an, ostegunean, Pirineos Jazz Orchestrak Tam-Tametik Tom- Tomera ikuskizuna ekarriko du, musika eta antzerkiaren bidez jazzaren historian egindako ibilbidea. Bi emanaldiak arratsaldeko 20:30etan hasiko dira, Biterin.

Argentinako bihotzetik tangoa Biterira
Lunfardo kamarako taldea da eta ibilbide luzea duten musikari profesionalek osatzen dute. Ahotsa, gitarra, kontrabajoa eta eskusoinuaren bidez tangoa ekarriko dute Argentinako bihotzetik. Musikariez gain bi tango dantzarik ere parte hartuko dute. Ikuskizunean denetariko piezak entzun ahal izango dira: tango ezagunak, abestutako tangoak, tango instrumentalak, eta taldeak propio sortutako tangoak: Melodia de arrabala, Mano a mano, La yumba, Por una cabeza, Y dicen que no te quiero, Yira yira, Invierno porteño, Quejas de bandoneòn, A media luz, Libertango eta La cumparsita, besteak beste.

Jazzari buruzko kontzertu didaktikoa
Pirineos Jazz Orchestrak eskainiko duena jazzaren inguruko kontzertu didaktikoa izango da. Tam-Tametik Tom -Tomera ikuskizunean musikari itsu baten bidez jazzaren bilakaera ezagutu ahal izango du ikusentzuleak: afrikar esklabuak Ameriketara eraman zituztenetik gaur eguneraino. Aktoreak hamabi eszenatan kontatuko ditu jazzaren inguruko gora beherak.
Pirineos Jazz Orchestrako musikariek aldiz ibilbide horretan izandako bilakaeraren adibideak eskainiko dituzte: work songs, ragtime eta spirituals, roch´n roll, beboop eta free jazza, swing eta dixieland, eta abar.
Aipatzekoa da Pirineos Jazz Orchestra taldean badagoela musikari hernaniar bat: Roberto Pacheco saxofoi jolea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!