‘Lurraldebus’ datorren urtean jarriko dute martxan Hernaniko autobusetan

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 7a, 02:00

JOAN den astean aurkeztu zuten Ficoba erakusketa azokan Lurraldebus garraio sozietateak izango duen irudi korporatiboa. Lurraldebus martxoan sortu zen Gipuzkoako herri arteko hainbat autobus zerbitzu koordinatzeko asmoz, horien artean Hernaniko Garayar eta Areizaga autobusak. Aurkezpenean azaldu zutenez 181 autobusek osatuko dute Lurraldebus eta guztira 12.815 pertsonentzako plazak izango ditu Gipuzkoan.

Gris metalizatua, autobusen kolore berria
Ficoban ikusi ahal izan zen Lurraldebus osatzen duten autobus konpainiek nolako irudia izango duten. Autobusek kolore gris metalizatua izango dute eta Lurraldebus jarriko die kolore gorriz idatzia. Hosto bat izango dute sinbolo bezala. Dena den, autobus bakoitzak bere lehenagoko kolorea izango du karrozeriako hainbat lekutan, erabiltzaileak identifikatu dezan (Hernaniko kasuan urdina batzuek eta gorria besteek). Horretaz gain, asmoa dago geltokietako markesinak aldatzeko, hauek ere kolore gris metalizatua izango dute.
Beste berritasun bat GPS sistema izango da, honen bidez autobusaren zai dagoenak jakingo du autobusa zein lekutan dagoen eta zenbat denbora geratzen zaion geltokira iritsi arte, hori guztia markesinetan egongo diren panel batzuetan ikusi ahal izango da. Gainera, autobusetan segurtasun kamarak jartzeko asmoa dago.

Ordaintzeko sistema berria eta ‘txartel bakarra’
Ordaintzeko sistema erabat aldatuko da: makina berriak jarriko dituzte eta ordaintzeko, txartel berezi bat irakurgailutik pasata egin ahal izango da. ‘Txartel bakarra’ ezartzea da azken helburua: autobus linea ezberdinetan bidaiatu ahal izango da batean bakarrik ordainduta. Zenbait geltokitan bidaiariak berak lehenago ordaindu ahal izango du geltokian espendedoreak jarrita.
Hala ere, ‘Txartel bakarra’ ezartzeak denbora gehiago emango duela aurrikusi dute proiektu honen arduradunek. Horretarako Konpentsazio Zentro bat sortu behar baita, txartelaren errekargak eta tarifa sistemak kudeatzeko. Zein motatako txartelak jarri (bonoak eta abar) Diputazioaren esku geratuko da.

Bi hilabete barru Hernanin
Lurraldebusek Hernanin nola eragingo duen jakiteko Kronikak bertako autobus konpainiengana jo du, zehazki esateko, Garayar autobusen arduradunekin hitz egin du. Bertatik adierazi dutenez Lurraldebus egitasmoak ´atzerabiderik ez du` eta Diputazioak datorren urtean zehar neurri guztiak martxan jartzeko asmoa du, hala ere gauza asko dituzte zehazteko oraindik.
Lehenengo autobusaren irudia aldatuko dute, horretarako dirulaguntzak eskatzeko Dekretua astelehenean bertan kaleratu zuen Diputazioak. Bi hilabete barru hasiko dira seguruenik autobusak kolorez aldatzen, pixkanaka. Hala ere, Garayarretik diotenez Ficoban erakutsi zen modeloari aldaketa batzuk egingo dizkiote ´autobusak lehenago zuen kolorea hobeto bereizteko`, diote.
Markesina berriekin ere arazo batzuk izan dira, lekuaren arabera egokitu behar baitira: ´Ficoban erakutsi zutena, Atsegindegin ez da sartzen, adibidez`, diote garraio konpainia honetatik. Garayarrek ziurtatu du datorren urterako GPS sistema probatzen hasiko direla, bai Atsegindegin eta baita Donostiarako bidean dauden sei geltokitan ere. Markesinetan egongo diren panelak eguzki plaken bidez funtzionatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!