Elkartzen-ek mozioa aurkeztu du Udal Aurrekontuen eztabaidari begira

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 6a, 02:00

HERNANIKO Elkartzen-ek mozioa aurkeztu du Udaletxean, bertako plenoan eztabaidatu dezaten, Udal Aurrekontuei begira. Ostiralean azaldu zuten prentsaurrean, taldeko kideek, mozio horretan zer jaso nahi duten, lau puntutan laburbildua:

1) Udal Aurrekontuak: Aurrekontuen inguruko eztabaida ireki bat izateko ´beharrezkoak diren mekanismoak` sortzea eskatzen du Elkartzen-ek. Talde honen ustez momentu honetan ez dago eztabaida sozial edo politikorik (irizpideak, lehentasunak...), eta horren aurrean Aurrekontuak herritarren parte hartzearekin osatu behar direla diote.
2) Etxebizitza: Hutsik dauden etxeak erabili behar direla dio Elkartzen-ek ´ulergaitza eta iraingarria` iruditzen baitzaie etxe hutsen kopurua. Bestetik alokairuzko etxeen parkea sortzeko Udalak ´etxebizitzen aprobetxamenduaren %15` erabili dezala eskatzen du eta horretara bideratu dadila baita ere kontribuzioan biltzen den %10a. Gainera, kontribuzioa bost aldiz biderkatu beharko litzatekeela uste du talde honek. Hori guztia etxebizitza eskaerari aurre egiteko
3) Udal tasen ordainketa: Mozioak biltzen duen beste puntu bat da tasen ordainketa modua. Bertan proposatzen da pobreziaren mugaz azpitik dauden pertsonek (778 euro azpitik hilean), udal zerbitzuetako tasak ez ordaintzea; eta kiroldegia edo haurreskola bezalako zerbitzuen tasak kalkulatzeko orduan, kontuan hartu dadila pobreziaren muga hori.
4) Bonobusa: Elkartzen-ek proposatzen du Aurrekontuaren %2a bideratu dadila bonobus eta bonobus soziala martxan jartzeko.

Taldeen babesa
Elkartzen-ek hainbat talderen babesa jaso du mozioa Udalean aurkezteko garaian: ELA, ESK, LAB, Gazte Asanblada, Ate Joka eta hainbat auzo elkarte. Prentsaurrean adierazi zutenez lehenengo aldia da mozioa horrelako babesarekin aurkezten dutela eta politikoek babes horri arreta jartzeko eskatu zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!