BERDINTASUNEZKO Jolastokia izenarekin
liburuxka plazaratu dute, ikastetxeetako jolasgaraiko espazioan neska eta
mutilen arteko berdintasuna bultzatzeko asmoarekin. Gida hau herriko
ikastetxeetan banatuko da eta bertan jasotzen dira jolasgaraiko eremuan,
espazioa eta berdintasunaren inguruan egindako diagnostiko orokorra eta
proposamenak. Jolastokiko eremua aukeratu dute oso nabariak direlako neska eta mutilen jarrera ezberdintasunak eta nahiko erraza delako espazio horretan aldaketak egitea, beste hainbat eremurekin konparatuta. Langilen aurreneko aldaketak Langile Ikastolako Santa Barbararako eraikinean egin dituzte bide honetan aurreneko aldaketak eta 60 bat ikasleren iritzi eta proposamenak jaso dituzte. Proposamenak, aurrekontuak ahalbideratzen zuen neurrian, gauzatu dira eta ikastetxeetako irakasleek diote aurreneko ondorioak nabariak direla. Ikasleek eskatuta eserita egoteko espazioak jarri dituzte bai ikastetxe barruan eta baita kanpoan ere, eta kolore biziz apaindu dituzte. Irakasleek diote espazio hauetan neska eta mutilak elkarrekin ibiltzen direla, lehen egiten zutena baino gehiago. Horrez gain badute asmoa eskura jartzeko neskek eta mutilek berdin jolasteko aukera ematen duten jokoak, malabareak eta sokak esate baterako. Ezberdintasun nabariak Ikerketak dio jolastokiko eremuan eta erabileran neska eta mutilen arteko ezberdintasunak oso nabariak direla. Mutilek neskek baino eremu zabalagoak erabiltzen dituztela dio gidak eta neskek marjinalak diren eta identifikazioa falta duten espazioak erabiltzen dituztela ere bai. Mutilek zentralagoak diren espazioak erabiltzen dituzte. Ikerketaren ondorioetako bat da mutilek jolas garaian sozialki baloratuak diren ekintzetan pasatzen dutela denbora ´kiroletan, futbolean adibidez`. Neskei buruz dio jolas garaia leku ezberdin gehiagotan ematen dutela eta hain baloratuak ez diren ekintzetan ´goma-saltoan, kromotan, dantzan, patinetan, hitz egiten, briletean...`. Espazioaren banaketak erabilera baldintzatzen duela azpimarratzen du gidak eta ideiak proposatzen ditu espazio ezberdin bat sortzeko, ´neska eta mutilen jarrera estereotipo hauek bultzatzen ez dituena`. Hainbat proposamen Gidak proposatzen du lehenik eta behin ikastetxeetan espazioaren diagnostiko bat egitea espazioa eta bere erabileraren inguruan, ikasleen, irakasleen era familien parte hartzea bultzatuta. Proposamen zehatzagoetan sartuta gidak dio, adibidez, eremu gehiago dibertsifikatu behar dela, kirol ekintzei leku gutxiago eta beste ekintzei toki gehiago eskainita. Espazio estali gehiagoren beharra ere azpimarratzen du eta ikastetxe barruan eremu ezberdinak eta bereziak sortzea ere bai: musikari lotutakoak, mahai jolasak eta irakurketa, besteak beste.
|
|