Hernanin estatuz kanpoko 541 atzerritar daude, gehienak azken 5 urteetan etorriak

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 4a, 02:00

Gaiaren garrantziak bultzata Atzerritarren Egoerari Buruzko Diagnostikoa egina dute Udalak aginduta eta ostiralean aurkeztu zuten Biterin. Diagnostikotik abiatuta, aurrera begirako plan bat egitea da asmoa.

Atzo aurkeztu zuten Biterin Atzerritarren Egoerari Buruzko Diagnostikoa, Jone Dorronsoro diagnostikoaren egileak eta Irantzu Jauregi Inmigrazio Teknikariak. Espainiar nazionalitatea ez duten inmigranteen datuak biltzen ditu diagnostikoak eta Hernaniko egoerari aurre egiteko sortu nahi den planerako abiapuntu izatea du helburu. Prentsaurrean esan zutenez, estatuz kanpoko inmigrazioa nahiko berria da Hernanin eta horrek abantailak izan litzake egoerari nola aurre egin aztertu eta erabakitzeko. Diagnostikoak bi parte nagusi ditu: batean datu azterketa bat egin da, erroldako datuak eta abar kontuan hartuta. Bigarren zatian elkarrizketak egin zaizkie bai etorkinei eta baita arlo desberdinetako eragileei ere eta iritziak eta proposamenak biltzen dira Diagnostikoan. 541 etorkin, 47 nazionalitate Hernanin 541 dira espainiar nazionalitatea ez duten etorkinak gaur egun. 47 nazionalitate desberdinetako jendea dago, baina % 56, lau herrialdetatik etorria da: Ecuador, Portugal, Maroco eta Colombia. Sexuari dagokionez erdi eta erdi dira gutxi gora behera gizon eta emakumeak: Hego Amerika, Ertamerikatik edo Ukraniatik etorriak emakumeak dira hein haundi batean eta Maroco aldetik etorriak gizonezkoak. Honen azalpena da Maroco ingurutik emakumeek gutxi emigratzen dutela (nahiz eta geroz eta gehiago izan) eta gizonezkoak etortzen direla lan bila, gero familia ekartzeko. Hego eta Ertamerikatik berriz, emakumeak etortzen dira lan bila eta hemen lana bilatu dutenean etortzen da askotan familia. Jone Dorronsorok azaldutakoaren arabera ia auzo guztietan daude inmigranteak gaur egun Hernanin, nahiz eta Zikuñaga, Alde Zaharra edo Orkolagan gehiago izan. Sailez sail Diagnostikoak hezkuntza, oinarrizko laguntza eta gizarte zerbitzuak, enplegua eta formazioa eta etxebizitza alorretako egoera biltzen du, luze. Labur labur hemen zenbait puntu: Hezkuntzan, 2.408 ikasleetatik 84 dira atzerritarrak. Erdiak baino gehiagok euskera hutsean gauzatzen dituzte ikasketak; % 40ak B ereduan eta % 4,76ak gaztelania hutsean. Ikastetxe guztietan ahalegin berezia egiten dute haurrak beren adineko ikaskideekin batera eskolatzeko, baina ezin da beti horrela egin. Euskerari dagokionez, gaztelaniarik jakin gabe euskera hutsezko ereduetan sartzen direnek azkarrago ikasten dute euskera eta gero eta helduagoak izan gehiago kostatzen zaie ikastea, haurrak konturatu egiten baitira iritsi berriaren komunikazio arazoaz eta gaztelaniara jotzen baitute laguntze aldera. Bestalde, gurasoen jarreran aldea nabarmentzen dute irakasleek, Hernanin bizitzen jarraitzeko asmoa duten edo itzultzeko asmoa dutenen artean: lehenengoek integratzeko ahalegin haundiagoa egiten dute. Oinarrizko laguntza eta gizarte zerbitzuak. Etorkin atzerritar asko Gizarte Ongintzako zerbitzuen erabiltzaile bihurtzen dira, hasieran bizirauteko beharrezko baitzaie. Atzerritarrek eduki dezaketen irregulartasun egoera ez da kontuan hartzen laguntza programa gehienetarako. Diru laguntzari dagokionez, Oinarrizko Errenta eta Gizarte Larrialdietarako Laguntza dira atzerritarrek gehien baliatzen dituztenak. Udal zerbitzuez gain, Caritas eta Eliza Ebanjelikoak ere laguntza ematen die behar larria dutenei, eta lautik bat atzerritarra izaten da hemen. Arazo nagusiak extranjeria legearen ondorioz bizi duten egoera juridikoa, etxebizitza eta enplegua lortzeko zailtasunak dira hurrenez hurren. Enplegu eta formazioan, lana legez egiteko egoera administratiboa erregularizatuta eduki beharra daukate, baina, era berean langabetuentzat erakundeek eskaintzen dituzten lan eta formaziorako sustapen eta laguntza egitarau ia guztietan egoera erregularizatua izatea eskatzen da. Bestalde, lanpostua edukitzea da egoitza baimena lortu ahal izateko baldintzetako bat. Etxebizitza lortzea da etorkin atzerritarren arazo larrienetako bat eta eragileen iritziz arrazakeriazko jarrerak daude etxeak alokatzeko orduan. Hernanin etxebizitza topatzea zaila da baina, Donostian baino merkeago dago. AMHER taldea Hernanin etorkinak eta bertan jaioak biltzen dituen taldea bada: AMHER, eta diagnostikoan hala azaltzen da. 2003 urtean sortu zen eta integrazioa eta elkarbizitza hobetzen egiten du lan. AMHERen iritziz Hernani ez dago nahikoa prestatua inmigrazioari aurre egiteko eta erronka bat dugu aurrez aurre: kohesio soziala egituratzea pluraltasuna eta adostasunezko arauetan oinarrituta. Proposamenak eta plana Diagnostikoaren azken partean eragileetako arduradunek eta inmigranteek egindako proposamenak bildu dira, integrazio planean bildu ahal izateko. Integrazio plana egiteko bilerekin abenduan bertan hastekoak dira eta Hernaniko sektore desberdinetako eragileak izan dira gonbidatuak lehen bileretara.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!