Hernanik aurreneko postuetan sartu nahi du, gaur Landaren Vigori irabazita

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 4a, 02:00

Laugarren dijoaz hernaniarrak, zortzi punturekin. Vigo ekipo gogorra da baina arduradunek uste dute irabazteko moduan daudela. Partidua, eguerdiko 12:00etan, Landaren.

LANDARE errugbizalez beteko da gaur berriro ere, bertan jokatuko baitu Hernaniko Ohorezko B Mailako taldeak Vigoren kontrako partidua, eguerdiko 12:00etan.
Galiziarra, pareko taldea Ez da lehen aldia Hernanik Vigoren kontra jokatuko duena. Iaz ere aurrez aurre izan ziren bi taldeak. Joaneko partiduan hogeina berdintzea lortu zuten hernaniarrek eta itzulikoan 13-9 irabazi zuten etxekoek. Joxe Elosegi entrenatzailearen hitzetan pareko taldea da Vigo: ´Iaz partidu batzuk galdu zituen, baina ondo borrokatu eta gero`. Hala ere irabazteko moduan daudela uste du Elosegik eta horretara aterako dira gaur Hernaniko jokalariak. Joko aldetik azken urteetako bideari jarraituko diote: aurrelariekin lan egin eta gero, ahal baldin bada, linean zuloak bilatu. Entrenatzaileari funtsezkoa iruditzen zaio jokaldiak bukatzea ´gure akatsa hori da, ez ditugu jokaldiak behar bezala bukatzen` dio, eta horretan saiatuko dira. Bestalde, melé-etan duten indarra aprobetxatu nahi dute (azken aldian melé bidezko entsaio asko egin ditu).
Laugarren, zortzi punturekin Hernani laugarren dijoa sailkapen nagusian, zortzi taldeen artean. Hiru partidu jokatu dituzte oraingoz Elosegiren mutilek eta horietatik bakarra galdu dute, Cisnerosen kontra (Cisneros lider dijoa momentu honetan partidurik galdu gabe). Beste bi partiduak juxtu antzean irabazi dituzte, etxean, Hospitalet eta Durangoren kontra. Gaurko partidua irabazi ezkero, aurreneko postuetara igotzeko aukera izango luke Hernanik, eta horrenbestez, igoera fasea jokatzeko borrokan bete betean sartuko litzateke. Dena den, gabonetako atsedenaldia eta gero zazpi partidu jokatu beharko dituzte. Elosegik Kronikari adierazi dionez ´inori ez zaio gustatzen horrelako etenaldiak egotea, baina aldi berean ondo etorriko zaigu, lesioak sendatzeko`. Izan ere, entrenatzaileak dioenez badituzte zenbait jokalari jadanik lesionatuta, baina ez daude alde horretatik oso larri, oraindik behintzat.
Hurrengo partidua, Gernikan Hurrengo partidua Gernikaren kontra izango du Hernanik, kanpoan. Bizkaiko taldea ez da joko aldetik Hernani baino gehiago, baina bere zelaian gogorra da Gernika eta ligan nahiko ondo dabil gainera, hirugarren postuan, Hernanik baino hiru puntu gehiagorekin.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!