BERRIAK elkarteak deskontuak eskainiko dizkie abenduan Berriak txartelarekin
ordaintzen duten herritarrei. Zehazki esateko, %5eko deskontuak izango dira
txartel horrekin funtzionatzen duten 39 komertziotan. Berriak elkartetik
jakinarazi dutenez, urtean bitan egiten dute eskaintza hori, ekainean eta
abenduan. Abenduko eskaintza hilaren 1ean hasi eta 31ean bukatuko da.
Txartela egiteko
Berriak txartelak, kreditu txartel baten funtzioa betetzen du, baina hainbat
aukera ematen ditu txartel normal batek ematen dituen abantailez gain:
ordainketa, produktua erosi eta gero egin daiteke, hiru hilabeteko epean;
horretaz gain, txartelarekin ordainduta aukera dago puntuak lortzeko eta puntu
horiekin opariak eskuratu daitezke Berriak-ek osatutako katalogo batetik.
Txartela eskuratu ahal izateko Berriak-eko komertzioetan dagoen orri bat bete
behar da. Berriak-ek Rural Kutxarekin du hitzarmena eta entitate honek bidaltzen
dio txartela eskatzen duenari etxera. Dena den, ez da derrigorrezkoa Rural
Kutxan kontua irekitzea. Berriak txartela 2002an jarri zen martxan. Alde batetik
bezeroaren fideltasuna saritu nahi da txartel honekin; eta bestetik, beste
txartelekin bankuak dendariari kobratzen dizkion komisioak murriztea du helburu.