Maritxu Intxausti eta Olatz Irigarai sormen proiektu berean ari diren bi artisau dira. Izatez donostiarrak, eta Hernanin dute tailerra, Elizatxon. Arte Ederrak ikasiak biak, eta autodidaktak ere bai. Bakoitzak bere ibilbidea egin du eta Arteleku zentroan ezagutu zuten elkar. Bi urte daramazkite elkarrekin lanean eta MO dute izen artistikoa. Batez ere, kamisetak diseinatu eta egiten dituzte, serigrafia bidez. Gero, gainetik eskuz pintatzen dituzte. Zeramika, argazkigintza, pintura eta abar ere landu dituzte. Bi urteko lan eta diru inbertsioaren ondoren, orain hasi dira emaitzak ikusten.
Azaldu zuen aktibitatea, zer produktu egiten dituzue...
Batez ere kamisetak egiten ditugu, ume, emakume eta gizonezkoentzat kamisetak. Diseinuan indar haundia jartzen dugu, marrazki eta borradore asko egiten ditugu eta gure gustoko diseinua lortzen dugunean, orduan serigrafia bidez egiten dituzte kamisetak. Baina, lana ez da hor bukatzen. Kamisetan irudia serigrafiatu eta gero, eskuz pintatzen ditugu gainetik. Horregatik kamiseta bakoitza artisau produktu bakarra da.
Zer diseinu lantzen duzue zuen marrazkietan, zer estilo?
Nahiko minimalistak gara: sinplifikaziorako joera, irudi garbiak... baina egia esan, ez daukagu estilo definitu bat (eta diseinu ez oso minimalistak ere egin izan ditugu). Hasieran sentitu genuen halako behar bat gure estiloa definitzeko eta diseinu propio bat izateko. Baina, esperimentatzea gustatzen zaigu, sorkuntzari mugarik jarri gabe. Eta ibilian-ibilian konturatu gara ba, baietz, gure lanak baduela linea propio bat, estilo bat. Baina, horrek ez gaitu itsutzen. Eta akatsetatik ere asko ikasi dugu. Gertatu zaigu diseinu bat egin, gustatu ez, gainean beste bat egin, eta balio ez zuen hartatik gauza politak ateratzea. Hori ere polita da.
Marrazkietan eta irudian ez ezik, kamiseten diseinuan ere ahalegin berezia egiten dugu. Gizonezkoenetan, behar bada klasikoago jokatu dugu, baina, emakumeenetan koketo puntu bat bilatu izan dugu.
Zer harrera dute zuen produktuek?
Harrera oso ona dute eta jendeari gustatu egiten zaizkio. Konpetentzia haundia dago eta egia da oso zaila dela bidea egitea, baina, pixkanaka aurrera goaz. Gasteizko pertsona batek esaten zigun «bai, kamiseta asko egiten da, bai, politak, ordea ez hainbeste». Diseinua da gure puntu fuertea eta hasi gara argia ikusten.
Orain arte panorama iluna izan al duzue ba?
Bi urte daramazkigu proiektu honetan serio eta ilusio haundiarekin lan eginez, eta, garbi esanda, orain arte ez dugu soldatarik ikusi. Dena izan da lana eta lana, sortu eta sortu. Orain emaitzak ikusten ere hasi gara eta hori ere beharrezkoa da.
Non banatzen dituzue zuen kamisetak? Non daude Hernanin?
Ferietan eta dendetan banatzen ditugu. Hernanin Kulunkan daude, Izpizua kalean. Banaketa guztia ere geuk egiten dugu, horretan zer ikasi asko daukagu oraindik. Gure maletarekin ibili gara dendaz-denda, eta asko ikasi dugu, baina, gaur egunean ezin da horrela funtzionatu. Orain web orria jarri dugu eta horrek beste aukera batzuk emango dizkigulakoan gaude: gure lanak bertan jarri, katalogoak bidali... Beste era batera egin behar dugu lan, gaurko gizarteari eta merkatuaren funtzionamenduari gehiago begiratuta.
Artisautzan ere enpresa ikuspegia behar dela, alegia?
Ikuspegi hori ere izan egin behar dugu. Gu artisauak gara, baina, sortzeaz gain, nahiko genukeena da geuk egiten dugunetik bizitzea. Eta ez bizitzea bakarrik, aktibitateari berari eustea. Horrek kostu bat dauka, inbertsio batzuk eskatzen ditu, (materiala dela, teknologia...) eta sarrerak behar dira. Gai honetan oraindik asko daukagu ikasteko.
Zer proiektu dituzue aurrera begira?
Oraingoz kamisetetan zentratuta gaude eta datorren udaberri-udarako diseinua lantzen ari gara. Hala ere, gure helburua sormen estudio gisa lan egitea da. Marrazkia ez ezik, argazkiekin lan asko egin izan dugu, zeramikarekin ere bai, pintura ere landu dugu... Alde horretatik, zabalik gaude proposamen berriei heltzeko ere, bai geronen iniziatibaz eta baita besteren eskariz ere.
Zer esango zenieke bihar zuen postura joango direnei?
Saltxeatzeko lasai. Uste dut horrek guretzako eta besteentzako ere balio duela. Erosiko ez badute ere, beldurra uxatu eta ikusteko lasai, galdetzeko. Azken batean, ferian horretarako ere bagaude.
Zortzi metro luzeko larruzko itsasontzia erakusketan
Albaola Elkarteak jarriko du barkua eta garai bateko ontzigintzari buruzko informazioa ere izango da bertan. Aurtengo azokako berritasun nagusia da.
Artisau Azokak garai bateko barku eta itsasoko bizimoduaren berri ere ezagutzeko aukera emango du hogeita seigarren edizio honetan. Albaola Elkarteak larruzko itsasontzi berezi bat jarriko du erakusketan. Zortzi metro luzeko barkua da, egurrezkoa berez, baina, dena larruz forratua. Erdi Aroan fraile zeltiarrek erabiltzen omen zuten itsasontzi berezi hori. Albaolak 2001ean egin zuen bihar Hernanira ekarriko duen erreplika hori. Eguraldiak laguntzen badu, litekeena da Albaolak beste itsasontzi txikiagoak ere ekartzea.
Garai bateko nabigazioa
Albaola Elkarteak garai bateko itsas ondarea zabaldu eta ezagutaraztea du helburu eta Pasaia Donibanen du zentroa. Oarsoaldeko Garapen Agentziak lagundutako proiektu bat da eta ontzigintza tradizionala ikertu eta zabaltzeaz gain, orduko ontzien igualak ere egiten ditu. Barkuak egiteko zentro berezi bat dute, eta eraikuntza zentro ez ezik, museo gisa ere jarrita daukate, publikoarentzat zabalik. Itsas irteerak eta aktibitateak ere antolatzen ditu Albaolak. Ibaietan ere egin izan dituzte ibiliak, eta horietako bat Urumean barrena. 2003an ia Ergobia pareraino igo ziren eta «barkuan zoazela, zein lekutan zoazen ez ezagutzeraino aldatzen da paisaia ibai barrutik ikusita, batez ere dagoen begetazioagatik, zoragarria da» esan digu harrituta Albaola elkarteko ordezkariak.
Erakusketaz aparte Albaola Elkartekoak gusto haundiz emango die hernaniarrei ontzigintza tradizionalari buruzko informazio guztia: historia, euskaldunak Ternuara bale harrapatzera joaten zirenekoa, nabigazio teknikak, bizimodua... Alde horretatik, Albaolak hernaniarrei eskatu die galderak eta kuriositateak lasai galdetzeko.
Ontzi tradizionalen ikerketa eta eraikuntza zentroa
Astelehenetik ostiralera zabalik, 10:00-14:00; 15:00-17:00 eta larunbatetan goizetan. Pasai Donibanen. Informazioa 943-494 521. www.albaola.com
Hernanira ere barkuak iristen zirenekoa
Urumean barrena Ereñotzuraino iritsi izan ziren barkuak garai batean, mareari esker. Mendeetako aktibitatea izan zen, XXgarren mende hasiera arte iraun zuena. Batez ere minetako material garraioan ibiltzen ziren. Floridan ontziola ere bazen, galeoi eta ontzi txikiak egiten zirena. Hernaniko aingura fabrikak ere sonatuak dira.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!