Duela bi urte Aitor Zinema okupatu zuen gazte talde batek. Ertzantzak hiru
gazte identifikatu zituen eta epaitu egin zituzten. Isuna ordaintzea egokitu
zaie orain, kalteak eta usurpazioa leporatuta. Isun horri aurre egiteko eta
gertatutakoa salatzeko bilera deitu dute: ostegunean, abenduaren 1ean bilduko
dira Tilosetako kioskoan.
´Autogestionatutako espazio baten beharra`
Adierazi dutenez ekintza hura ´batetik, hernaniar gazteontzako
autogestionatutako espazio baten beharra asetzeko, oraindik falta dena, eta
bestetik espekulazioaren aurkako ekintza` izan zen. Salatu dute kalteak eta
usurpazioa leporatu zaiela ´baina orain egin behar diren etxebizitzentzat argi
dago ez zuela kalterik suposatu` gehitu dute. Diote gazteen borrokak ´beste
behin ere errepresioaren erantzuna jaso` duela eta ´ezin dugula utzi errepresio
horrek borroka dinamikak geldiarazi ditzan, hauxe baita modu bakarra egoera
jasangaitz hau iraultzeko`.
Gazteak antolatu eta kolektibo batean biltzeko beharra azpimarratu dute, ´orain
dela bi urte egin zen bezala adibidez` diote.