Ikasleentzako antolatutako tailerrekin hasiko da gaur Bidezko Merkataritza astea

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 28a, 02:00

BIDEZKO Merkataritzaren inguruko astea antolatu du Hernanin, Emaus Fundazioak Hernaniko Udalaren laguntzarekin. Gaur hasi eta larunbata bitartean herriko sektore ezberdinetara bideratutako aktibidadeak izango dira. Gaurtik hasita egunero tailerrak antolatu dituzte herriko ikastetxeetako ikasleentzat. Tailerrak 10 eta 16 urteko gaztentzat izango dira, izan ere Emaus fundazioak azaldu duenez ´kontsumo ohiturak adin honetan sortzen dira`. Kooperazio jokoak, kontsumo arduratsua, nekazarien rol jokoak eta publizitatearen beste aldea izango dira tailerretan landuko dituztenak.

Mahainguruak, monologoak eta festa larunbatean
Bihar EHNE elkarteko Aitor Aranburu ariko da elikadura subirotasunaz hizketan. Asteazkenean, kontsumo arduratsuaren inguruan ariko da Begoña Cabaleiro. Ostegunean aldiz, bideoforuma antolatu dute eta gauean, Kixkal tabernan, monologoak entzun eta bidezko merkataritzako mojitoa dastatu ahal izango da.
Larunbatean, astean zehar egindako lanari bukaera eman eta ospatzeko festa antolatu dute Plaza Berrin.

Bidezko merkataritza alternatiba
Emausek azaldu du Bidezko Merkataritzak elkarrekiko errespetuan eta harreman zuzenetan oinarritutako komertzioa bultzatzen duela. Hegoaldeko herrialdeetako kooperatibekin harremanak egiten dira, ingurugiro eta gizarte irizpidetan oinarrituta.

Egitaraua

Astelehena 28

  • Tailerrak. Egunero tailerrak egingo dituzte goizean zehar herriko ikastetxeetako ikasleek Biteri kultur etxean: jolas kooperatiboak, kontsumo arduratsua, nekazarien rol jokoak eta publizidadearen beste aldea dira tailerren gaiak.

Asteartea 29

  • Topagunea. Elikadura subirotasunaz hitz egingo Aitor Aranburuk, EHNEko kideak. Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, Biterin.

Asteazkena 30

  • Kafe solasaldia. Kontsumo arduratsuaren inguruan hitz egingo du Begoña Cabaleirok, Emaus Gizarte Fundazioko kideak. Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, Biterin.
     

Osteguna 1

  • Bideoforuma. ‘Hegoaldea. Bertako ahotsak’. Arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, Biterin.

  •  Monologoak eta mojitoa. Bidezko merkataritzako mojitoak eta monologoak izango dira Kixkal tabernan, gaueko 22:00etatik aurrera.

Larunbata 3

Bidezko merkataritza festa, Plaza Berrin

  • 10:30-14:00. Bidezko Merkataritzako produktuen dastaketa eta salmenta, produktu ekologikoen salmeta, ikasleek egindako marrazkien erakusketa, jolas kooperatiboak eta munduko makilajea.

  • 11:00. Hernaniko Musika Eskolako Abesbatzaren kontzertua. .

  • 12:00. Ipuin kontalaria, ‘Kontu Kantoi’.

  • 12:30. Txokolatada.

  • 13:00. Musika eta perkusioa kalean.

Antolatzailea: Emaus Fundazioa
Laguntzailea: Hernaniko Udala
 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!