Bandak Santa Zeziliako kontzertua eskainiko du gaur arkupeetan

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 27a, 02:00

SANTA Zezilia inguruan urtero ematen du kontzertua Hernaniko Musika Bandak eta gaur izango da kontzertua, Santa Zezilia eguna pasa eta hurrengo igandean. Urteroko moduan estreno bat izango dute aurten ere: Jacob de Haanen Oregon obra hain zuzen ere. Horrez gain, Joaquin Ortega Canario hernaniarraren A Joxe Amiano obra ere entzuteko aukera izango da gaur eta Bandak aspaldi jo gabeko Teixidorren Fiesta en la caleta eta B. Zapirainen La Dama de Anboto obrak ere bai. Gaurko kontzertua osatzeko Morricone-De Meyren Moment for Morricone obra eskainiko dute.

Berrogeita lau kide
Musika Banda 40 bat lagunek osatzen dute gaur egunean, eta gaurko kontzerturako lau bat apoio ere izango dituzte: Musikenetik etorriko diren maila altuko lau ikasle perkusionista hain zuzen ere. Gaur ere Bandako instrumentu guztiak entzuteko aukera izango da: flauta; oboea; rekintoa; klarinetea; saxo altua, tenorea eta baritonoa; fliskornoa; tronpeta; bonbardinoa, tronpa; tronboia; tubak; eta perkusioak. Zipri Otxandorena zuzendariak Kronikari esan dionez 12 mota perkusio joko dituzte gaur, kanpaiaren hotsa egiten duen bat tartean.
Kontzertua arkupeetan izango da, arratsaldeko 13:00etan. Ondorenean, musikari guztiak bazkaltzera joango dira Zumardi jatetxera, urteroko ohitura ez galtzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!