Umeek gezurra esaten dutenetik, zein idearen bueltan jarri diozu
izenburu hori zure liburuari?
Diote, umeek, mozkorrek eta eroek bakarrik esaten dutela egia. Hori
gezurra da, hauek ere gezurrak esaten dituzte-eta. Ingenuidade horretan ez
erotzearen haritik dator izenburua.
Liburua ez da oso optimista eta Iban Zalduak liburuan idatzi dizun
aurkezpenean dio irakurlea deseroso sentiarazten dutela zure ipuinek. Zer
diozu honi buruz?
Ados eta pozik nago Iban Zalduak egindako deskribapenarekin. Niretzat
literaturaren helburua ez da ondo pasatzea. Neretzat literatura terapia
da, nere burua min egiten diot haren bidez. Nere beldurrak ateratzen ditut.
Irakurleak ere ez du ondo pasako liburua irakurtzean, hori espero dut.
Idaztea neretzat irakurtzearen luzapen bat da. Nere gustoko liburuak dira
aztoratu egiten nautenak eta ukitu egiten nautenak. Idazten ere nere
kontraesanak, nere buruarekin ditudanak, ateratzen ditut eta horrek min
egiten du eta deseroso sentiarazten nau. Uste dut irakurlea ere horrela
sentituko dela.
Kuriosidadez, zergatik duzu beharra zure buruari min egitekoa?
Bizitzan egoera batetik besterako bidean bazaude kontraesanak
ateratzen dira. Idaztea ikerketa bat bezala da, nere buruaren barruan eta
inguruan.
Zein dira zure liburuaren gaiak?
Identidadea da gai nagusia: nor garen, gure buruari egiten dizkiogun
traizioak, noiz hasi ginen gure burutik urruntzen. Emakume eta gizonen
rolak eta identidadeaz ere hitz egiten da, norbere buruan dagoen
emakumezkoa eta gizonezkoaz ere hitz egiten da.
Liburua irakurtzen duenak pentsa dezake haserre zaudela. Zer diozu?
Ni ez nago haserre, etsita baizik. Ni zoriontsua naiz, liburuan
agertzen dena eta gatazka hori da nire zati bat.
Zeinek irakurri dezake liburu hau, edo zeinek ezin dezake irakurri?
Liburu hau irakurri dezake literaturarekin gaizki pasatzeko prest
dauden irakurleek.
Berria egunkarian idazten dituzun bidetik al doaz liburuko ipuiak?
Bai, badute zer ikusirik. Baina liburuko ipuiak luzeagoak dira eta
landuagoak dira. Baina ikuspegi bera dute, ez konplazientea.
|
LIBURUARI BURUZ
ESANDAKOAK
Iban Zaldua, idazleak, liburuaren kontraazalean
idatzitakoa:
´Bilatu leku eroso bat irakurtzeko: besaulkia, ohea, belardi bukoliko bat.
Edo ez: leku aldrebes batek balio diezazuke ere bai. Berdin-berdin
sentiaraziko baitzaituzte deseroso liburu honetako orrialdeek...Ez ezazu
apalategian ipini Isabel Allende edo Paulo Coelhoren liburuen ondoan; ez
ezazu irakurri, nik zer dakit, U2 edo Mikel Urdangarinen azkeneko CDa entzun
bitartean...Gogora ezazu liburu hau itxi eta mundu errealaren goxotasunera
atzera itzultzeko esperantza galdu behar duzula...`
Ibon Egaña, liburu kritikoak aurkezpenean horrela deskribatu zuen Uxue
Apaolazaren liburua:
´...Liburua irakurri ahala ohartu nintzen ipuinotako pertsonai asko ihesi
zebiltzala, nonbaitetik, zerbaitengandik, agian bere buruarengandik ihesi.
Sustrairik gabe, pertenentzia sentimendurik gabe, behin behineko etengabean
bizi diren pertsonajeak dira ipuin askotako protagonistak, ideologiak,
kuadrillak, talde sentimenduak edo bestelako fedeek ematen duten aterperik
gabe eta babesik gabe bizi direnak. Deituiozue honi garai postmodernoa, nahi
baduzue. Deitu nahi baduzue, depresioaren, antsietatearen eta agorafobiaren
belaunaldia. Berdin dio. Kontua da liburu hau gutaz ari dela, bizitzea
egokitu zaigun garaiaz, eta gutxik bezala asmatzen du idazleak bizi
gaituzten sasoien izaera paperean biltzen, saio soziologiko edo
antropologiko landuenak baino sinesgarritasun handiagoz...`
|