UDALAK 2006ko Aurrekontuen aurrerapena ezagutzera eman du,
24.519.000 eurokoa. Iazkoarekin konparatuta (21.507.000 euro) gora egin du
aurrekontuak eta Udalak azpimarratu duenez igoera haundia izan da inbertsioetan,
%24. 2006rako inbertsioak 4.500.000 eurotik gorakoak izango dira guztira:
Zaharren Egoitza haunditzea; hainbat auzoetako azpiegiturak berritzea, hala nola,
Antziola, Lizeaga, Arrigoainpea eta Agustinas-Zinkoeneako inguruak; eta Goiz
Eguzki parkea berritzea dira inbertsio nagusiak.
Urte bukaera aurretik onartuta
Aurrerapen hau Ogasun Batzordean aztertu zen eta abenduaren 19ra arte
daukate talde politikoek aurrerapen honi ekarpenak egiteko. Alkateak espero du
urte bukaera aurretik 2006ko Udal Aurrekontuak onartuta egotea, San Tomas
aurreko Plenoan.
Alkateak azpimarratu nahi izan du aurrerapen honetan bildu direla auzoetatik
jaso diren proposamenak eta baita Udaletxeko arlo ezberdinetatik jaso direnak
proposamenak ere.
Beste hainbat gastu
Aipatutakoez gain beste hainbat gastuk ere kopuru garrantzitsuak hartzen
dituzte 2006ko Aurrekontuetan: duela gutxi egiten hasi diren igerileku irekiaren
obrek, ingurugirora bideratutako hainbat gastuk (166.000 euro), landa
inguruneetako bideak hobetzeak (275.000 euro) eta bide publikoak eta
akzesibilidadea hobetzeak (284.000 euro), esaterako.
2006ko Udal Aurrekontuetan inbertsioek izan dituzten igoerak, azaldu du Udalak,
posible izan dira ´Udalak izan dituen diru sarrera propioen gestio egokiei, eta
Diputazioa eta Eusko Jaurlaritzarekin izandako harreman onari esker.
Diru sarrerak ere gora
Diru sarrerek ere gora egitea aurrikusi dute 2006ko Udal Aurrekontuetan.
Batetik Udalak Akarregin duen lur eremu munizipal baten salmentari esker lortuko
du Udalak diru sarreretan gora egitea. Bestetik, Aitor Zinemetan egingo diren
etxebizitzak direla eta, horren aprobetxamenduagatik, Udalari dagokion
portzentajeak ere eragingo du gorakadan.
Alkateak garrantzizkotzat jotzen du gastu arruntak geldiaraztea ´horrek posible
egingo baitu inbertsioetarako diru gehiago izatea, auzoetako azpiegiturak, gure
zaharren atentzioa, ingurugiro kalitatea eta baita ere landa inguruetako bizi
kalidadea hobetzea`.
Kirol eta Ongintza Patronatuetako Aurrekontuak
Kirol eta Ongintza Patronatuetako Aurrekontuen berri ere eman du Udalak.
Kirol Patronatuak 2.310.000 euroko Aurrekontua du 2006rako eta Ongintza
Patronatuak aldiz, 5.772.000 eurokoa. Beraz guztira Udalak eta bere patronatuek
32.601.000 euroko Aurrekontua dute 2006rako.
Udalak Gas Hernanin duen partizipazioa salduko du 1.300.000 eurotan
UDALAK Gas Hernanin duen partizipazioa salduko du 1.300.000
eurotan. Horrela erabaki dute Udaletxeko talde politiko guztiek aho batez,
Ogasun Batzordean. Udalak Gas Hernaniren kapitalaren %45a du eta akzio hauek
salduko dizkio Naturcorp-i. Erabaki hau Plenoan aztertu eta onartu beharko da,
datorren asteartean.
Naturcorpek gaur egun Natur Gasen akzioen %55a du eta Hernaniko Udalari
jakinarazi zion interesa bazuela Udalaren esku zeuden partizipazioak eskuratzeko.
Hau jakinda Hernaniko Udalak eskatu zuen azterketa bat egiteko, baloratzeko zein
zentzu zuen Udalak Gas Hernaniren partizipazioak edukitzea eta jakiteko zituen
partizipazioek zenbat balio zuten.
Alkateak adierazi du salmenta honen bidez lortuko den diru kopuru garrantzitsuak
balioko duela egungo udal patrimonioa hobetzeko. Adibide bezala aipatu ditu
berritzen ari diren auzo, kale eta plazak eta baita herriko alde altuenetarako
akzesibilidadean egin nahi diren hobekuntzak.
Salmenta hau gauzatuko balitz Udalak hainbat baldintza jarri dizkio Naturcorp-i.
Batetik gasa ez duten Hernaniko zonaldeetara sarea zabaltzen jarrai dezala eta
bestetik, bezeroei zerbitzua emateko bulego bat Hernanin izaten jarrai dezala.
Alkateak azaldu du gaur egun gasa eta elektrizitatea banatzeko zerbitzuak
liberalizatuta daudela. Horrekin batera dio Hernanin gasaren sarea zabalduta
dagoela eta zerbitzua generalizatua, hori dela eta azaldu du ez duela zentzurik
Udala ezer ekartzen ez dion enpresa batean egoteak.
Bukatzeko, Udalak gogorarazi du beste herri batzuek Udalek erabaki berdinak
hartu dituztela : Donostia, Pasaia eta Bilbon.