Igerileku irekietako obrak hasi dituzte eta udaran egon litezke erabiltzeko moduan

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 25a, 02:00

2006ko abuztuan erabili ahal izango dira igerilekuak Udal arduradunen hitzetan. Igerilekuak 1.000 metroko azalera izango du eta jolaserako prestatua izango da.

HASI dituzte igerileku irekiak egiteko lanak, Mendi-Mendiyako lurretan, Antziolatik Latsunberako bide berrian, eskubitara. Jose Antonio Cuesta Herri Lanetarako zinegotziak azaldu zuen joan den asteazkenean obren egoeraren berri eta bere hitzetan 2006ko uztailean bukatzea aurrikusi dute, abuztuan ireki ahal izateko. Denbora librerako Cuestak azaldutakoaren arabera igerileku hau ez da igeri egiteko pentsatua, jolaserako eta denbora pasarako baizik. Azpeitian eta beste hainbat herritan dauden igerileku irekien funtzioa izango du: jendea eta familiak goiz pasa edo arratsalde pasa etorri eta egoteko toki bat izatea. Gune osoak 12.000 metro koadro izango ditu: igerilekua bera, eguzkia hartu eta egoteko tokia, aldagelak, kafetegia eta aparkaleku txiki bat. Sarrera Antziola-Latsunbe bidetik izango du. Eguzkia eta itzala Gune guztia belarrez inguratua dago eta jendeak eguzkia hartu eta egoteko aukera izango du bertan. Alderdi batean platano arbola haundi batzuk daude eta itzala ere izango da bertan. Igerilekua bera Udan bakarrik egongo da zabalik, baina, guneari (kafetegia eta igerileku inguruko belardia) udaberrian eta udazkenean ere erabilera eman nahi dio udalak, Cuestak Kronikari esan dionez. Diputazioaren laguntza Obrak Amenabar eraikuntza enpresari adjudikatu dizkiote eta 2.384.000 euroko kostua izango dute. Promotorea Udala bera da, baina, Diputazioaren laguntza izango du 600.000 eurokoa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!