Txapela propio jantzita azaldu zaigu Ricardo Alarcón, bere bi lagunekin eta Koro Etxeberriarekin batera. Harrituta daude, hemen inork ez duelako txapelik jantzita, Kuban esan zieten moduan. Donostiako Boulebardean eseri eta solasaldia izan dugu: Kubari buruz, Rousseau, demokrazia... eta baita sagardoaren inguruan ere. Gaur hitzaldia emango du Biterin Alfonso Sastrerekin batera, 19:30etan, Natzak eta ASKEk gonbidatuta.
Hernanin izango zara zure liburuaz hitz egiteko. Zer azaltzen da bertan?
Liburua bilduma bat da eta zenbait saiakera, artikulu eta diskurtso azaltzen dira, demokraziaren inguruan batipat. Ideal hori lortzeko borroka da liburuko gai nagusia.
Kubako kasuan 1868an hasten da borroka hori...
Bai. Gure nazioa sortu zen independentzia eta gizakien arteko berdintasuna lortzeko borroka hasi zenean. Kubako zati haundi bat esklabuak ziren eta beltzari beldurra zioten lurjabe krioiloek. Gaur egun, haien ondorengoak Miamin bizi dira eta zain daude Estatu Batuek Kuba noiz itzuliko dien. 1868an Cespedes-ek bere esklabuei hiritarrak zirela esan zienean hasi zen Kubako iraultza.
Jardunaldi hauetan Utopiaz hitz egingo da, nola batzen dituzu Utopia eta Kuba?
Nik uste dut Utopia dela horizontea. Poetari galdetu zioten behin ia zertarako balio zuen horizonteak, hara iristea ezinezkoa bada... Horretarako balio du ba! Aurrera egiteko.
Sobiet Batasuna erori zenetik Kuba estu dabilela diote
batzuk...
Golpe latza jaso genuen, baina hasierako krisia gaindituta daukagu. Gaur egun Kuban errekurtso asko dauzkagu: turismoa, petrolioa elektrizitatea sortzeko, nikela industriarentzat, Txina eta Venezuelarekin harremanak...
Euskal Herrian bake prozesua denen ahotan dago, zer diozu horri buruz?
Esperientzia propioagatik gu ez gara beste herrien arazoetan sartzen, arazo konplexuak baitira askotan. Hala ere iruditzen zait demokrazia bat nahi badugu jendearen eskubideak errespetatu behar direla, norbere kabuz gobernatzeko eta erabakitzeko eskubidea.
Kubako Parlamentuko Presidente zara eta karrera politiko zabala duzu, zer falta zaizu egiteko?
Nik nahiko nukeena da ahalik eta denbora gehien bizitzea, munduan izango diren aldaketen lekuko izateko. Ez dut inolako dudarik, beti hain urruti egon garen horizonte horretatik, gero eta gertuago gaudela.
Bukatzeko. Sagardoa gustatzen zaizu? Probatu duzu?
Asturiarra bai, baina hemengoa ez. Hitz egin didate horretaz, ia aukera dudan egun hauetan probatzeko.
Esanda bezala:
´Demokrazia ordezkatzailea engainu bat da. Ezin da demokraziarik egon desberdintasunak dauden bitartean`.
´Ordezkaritza politikoa bakarrik posible da berdinen artean izaten bada: zuk ni ordezkatzea nahi dut, nire iguala zarelako. Gizarte burgesaren fikziozko ordezkaritzak berriz, menperatzaileen interesak ordezkatzen ditu bakarrik.`
´Estatu Batuek terrorismoaren kontrako borrokaren gidari bezala aurkeztu dute beren burua, baina beraiek egin dute benetako politika terrorista. Guzti honen atzean hipokresia haundia dago.`
`Sobiet Batasuna erori arren Kubak zutik iraun du, iraultza egin genuelako herriaren protagonismoarekin`
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!