Emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko eskatu zuten atzoko kontzentrazioan

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 26a, 02:00

Udaletxeko Berdintasuna Sailak, Berdintasun Kontseiluak eta Herne neska gazteen taldeak deitu zuten kontzentraziora. Gaur ‘Emakumeen armiarma sarea’ antolatu dute Tilosetan.

KONTZENTRAZIO jendetsua izan zen atzo Plaza Berrian egin zena, Emakumaren kontrako indarkerik ez lemarekin. Emakumeen Kontrako Nazioarteko Eguna izan zen atzo eta kontzentrazioa deitu zuten Udaletxeko Berdintasun Sailak, Berdintasun Kontseiluak eta Herne neska gazteen taldeak. Kontzentrazioaz gain beste hainbat ekimen ere izan dira azaroan zehar, generoa eta indarkeriaren bueltan. Gaur Emakumeen armiarma sarea egingo dute, eta hainbat artikulu zintzilikatuko dituzten sare horretan. Gaur goizeko 11:30etan Tilosetan.

Heziketa sexista eta diskriminatzailea
Berdintasun Kontseiluak eta Herne neska taldeak emakumearen kontrako indarkeriaren inguruan idatzi bat osatu dute. Bertan adierazten dute gizartean aurrerapausuak eman diren arren oraindik egiteko asko dagoela. Diote emakumeen kontrako indarkeriak gizarte osoa hartzen duela eta ez duela sektore arteko desberdintasunik egiten, maila sozial eta adin tarte ezberdinetan gertatzen delako.
Azaldu dute indarkeria mota hau era askotara agertzen dela: ´tratu txar psikologikoak, mespretxuak, jipoiak eta baita heriotza ere`. Berdintasun Kontseiluko eta Herneko taldeko kideek ez dute uste tratu txar hauek kasu isolatuak direnik, gizarte egiturazko arazoa dela diote eta arazoaren sustraietara jo behar dela azpimarratu dute: ´emakumearenganako begirunerik eza eta gaitzespena, matxismoa eta boterezko harremanak` aipatu dituzte. Heziketak duen garrantziaz ere hitz egiten dute: ´arazoaren funtsetako bat da egun emakumezko eta gizonezkoak balore sexista eta diskriminatzaileen arabera hezten ditugula eta horietan oinarritutako jarrerak bultzatzen jarritzen dugula`.
Bukatzeko gizarte osoaren inplikazioa beharrezkotzat jotzen dute arazoa konpontze aldera: ´bakoitzak bere ingurunean zeregin ugari dauka harreman ereduak aldatzeko eta berdintasunean oinarritutako gizartea eraikitzeko bidean.

Hezkidetza programak ikastetxeetan
Berdintasunean oinarritutako heziketak duen garrantziaz jabetuta, azken bi urteetan hezkidetza programak bultzatu ditu Udaletxeko Berdintasun Sailak eta Berdintasun Kontseiluak, Farapi enpresaren bidez. Bertan parte hartu dute nahi izan duten herriko ikastetxeek eta eztabaidatu dute genero desberdintasunei buruz eta desberdintasunak sortzen dituzten mekanismoak identifikatzen saiatu dira. Saio hauek irakasle eta gurasoei zuzendutakoak izan dira.
Langile ikastolan ikerketa bat ere egin dute Berdintasunezko Jolastokia gaiaren bueltan. Jolastokiko eremuan, neska eta mutilen jarrerak aztertu dituzte eta espazioaren antolaketak horretan nola eragiten duten ere bai. Ikerketa hau ikastetxe guztietan banatu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!