Urtero egiten dute kontzertua Musika Eskolako ikasleek Santa Zezilia
egunarekin eta atzokoak ere izan zuen arrakasta. Larogei ikasletik gora izan
ziren urteetako lanaren emaitza jendaurrean azaltzen eta Biteriko areto nagusia
lepo bete zen. Alboka, txalaparta, dultzaina, txistua, trikitixa, pianoa,
akordeoia, saxofoia, tronpeta, klarinetea, perkusioa, biolina, biolontxeloa eta
gitarra dira musika eskolan ikasi litezkeen instrumentuak eta guztiek izan zuten
beren tartetxoa atzoko kontzertuan. Guztira 19 kanta eskaini zituzten ikasleek,
modu eta jatorri oso desberdinetakoak.
Domina banaketa
Lehengo ikasturtean 2 eta 3garren maila bukatu zuten ikasleei dominak eman
zizkieten atzoko kontzertuan. Ikasturtean, 2garren maila 39 ikaslek bukatu zuten
eta 3garren maila 4 ikaslek.
Musika eskolak 3 maila desberdinetan erakusten du musika: lehen maila
hastapenekoa da eta 4-7 urte arteko umeei zuzendua dago: erritmoa landu, kantatu,
entzun... egiten dute. Bigarren maila sei urtetakoa da 7 urtetik gorako edonork
eman lezake izena bertan: instrumentu bat jotzeko oinarrizko maila hartzea da
sei urte hauetan helburua. Hirugarren maila ere 6 urtetakoa da eta bigarrena
gainditu ondoren hasi litezke ikasleak hirugarren maila honetan: instrumentuan
sakontzea da helburua.
Hogeitaka urteko historia
Musika Eskolak ibilbide luzea du Hernanin. 1984an sortu zen kontserbatorio
elemental moduan, baina, aurretik bazen akademia moduko bat Udaletxean.
Kontserbatorioa zenean, titulazio ofiziala ematen zuen, baina, lege aldaketak
medio, 1992-93 ikasturtean Musika Eskola bihurtu zen. Gaur egun kurtso asko
ematen ditu, baina, titulazioak ez dira ofizialak. Ikasleek maila altua dutenean
Donostiako kontserbatoriora jotzen dute askotan titulazio ofizialaren bila.
Garai batean Udaletxean zegoen Musika Eskola eta 10 urte daramazki Atzietan.