ATZO ireki zen Hernaniko Errapia arte tailerreko kideek eta gonbidatuek
osatutako erakusketa. Pintura, zeramika, eskultura, burnia, eskuz pintatutako
diapositibak, argazkiak eta egur taila ikusi litezke erakusketan, besteak beste.
Erakusketa abenduaren 7ra arte izango da irekita, arratsaldeko 18:00etatik
20:00etara Biteriko erakusketa aretoan.
15 sortzailetik gora
Erakusketak biltzen ditu 15 sortzailetik gora. Gehienak Errapia taldeko
kideak dira: Maider Kalonje (egur taila), Gorka Setien (eskuz pintatutako
diapositibak), Jon Zabaleta (marrazkia, bideoa), Aitor Ruiz de Egino (eskultura),
Nagore Lozano (argazkia), Peio Goeio (pintura), Ainara Azpiazu (argazkia eta
pintura), Kabuki (jantzi diseinua), Jaxone Usandizaga (zeramika), Inge Urrutia (burnia),
Patxi Monreal (egur taila), Iker Valle (pintura) eta Nagore Legarreta (argazkiak).
Gonbidatutako beste hainbat sortzaileren lanak ere badaude erakusketan: Koldo
Azpiazu (eskultura), Oscar Galiana (pintura, eskultura txikiak), Xabier
Ibarzabal (testu margotua), Ane Mitxelena (margo idatzia); Mikel Eizmendi (eskultura),
Pelex (egur taila), eta Josune Mendiluze (lore lehorrak).
Abenduaren 17an festa
Atzoko inaugurazioan iaz Errapiak egin zuen festaren irudiak erakutsi ziren,
jendea aurtengo festara joateko animatzeko helburuarekin. Aurten Errapiako festa
abenduaren 17an izango da, Zikuñagan. Goiz partean haurrentzako tailerrak
antolatu dituzte eta eguerdi partean mokadu bat egiteko aukera ere izango da.
Arratsalde eta iluntzean emanaldi eta erakusketak izango dira.
Festako bideoaz gain Kabukiren lanei buruzko bideo bat ere jarri zuten atzokoan.
‘Zikuzulo’ tailerra
Errapiak bere tailerra Zikuñagan du, garai bateko eskolak ziren horretan,
eta Zikuzulo izena jarri diote orain. Urtean zehar bertan egiten dute lan
Errapiako sortzaileek eta bilerak ere bertan egiten dituzte.
Urtean zehar Hernanin zein beste herrietan erakusketa indibidualak nahiz
kolektiboak egiten dituzte, beste sortzaileekin eta sortzaile kolektiboekin
harremanetan daude.