Bakeroko bi familiak amets gaizto batean daude, Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa oharrean argi azaldu dutenez. Hernani-Urnieta autobide berria egiteko baserria eta lurrak espropiatuko dizkietela jakin arazi zieten Diputaziotik eta ia ezer gabe kale gorrian gelditzeko zorian daudela jakin arazi dute. Foru Aldundiak 130.000 euro eskaini dizkiete ´eskuzabalarena eginez` eta bi familiek salatu dute kopuru horrekin beste etxebizitza bat aurkitzeko aukerarik gabe geldituko direla, merkatuko prezioak ikusita. Salatzen dute espropiatzeagatik ordainduko dietena, irizpide zaharretan oinarrituta dagoela, merkatuan ondasunak izango lukeen prezioaren oso azpitik.
´Ez da nire eskumenekoa`
Bakeroko familiak keja dira beretaz inor ez dela kargu egiten: ´Gipuzkoako Foru Aldundiak baserri hori desjabetzera jo du autobidea egiteko, baina bertan bizi direnak kale gorrian utzi ditu, ez da nire eskumenekoa esanez`. Sei hilabetetik gora daramazkite beren esanetan ´departamentuetan banatutako foru administrazioaren horma gaindiezinekin topo egiten` eta salatu dute departamentu batetik bestera ibili dituztela ´peregrinazioan` eta erantzun bera entzuten: ´ez da gure konpetentzia... guk proiektua baino ez dugu egin... hori beste departamendu bati dagokio... guk balorazio metodo bat aplikatu baino ez dugu egiten... bizileku berri bat bilatzea ez da gure kontua... eta abar`. Salatzen dute Hernaniko Alkatea eta Hirigintza zinegotziak izan ezik, beste inork ez dituela aintzat hartu ere egin.
Bide horretan diote Diputazioko Errepidetako eta Lurralde Antolaketako departamenduak ez direla gai izan ´erantzun egokia bilatzeko, ez arazoa beren gain hartzeko, ez irizpide koordinatuz jokatzeko, ez beren proiektuen atzean sufritzen ari diren pertsonak daudela konturatzeko`.
Antzeko bizilekua
Bakeroko familiek eskatzen dutena antzeko bizileku bat da: ´40 miloi euro inguruko proiektua du autobideak eta ez dute sosik ere aurrikusi indarrean kaleratuko dituzten familiei orain bizi direnaren antzeko bizileku bat emateko`.
Familien esanean arazo hau ´Errepide Zuzendaritza Nagusiak eta horko diputatuek sortu dute, baina, gaia Lurralde Antolaketa eta Sustapenerako Departamentuari lotutako Lurraren Plangintza eta Kudeaketa Zerbitzura bidali dute. Zerbitzu horrek ez du arazoa bere gain hartu eta baratzeko letxugak kontatu eta berrehun urtetik gorako baserriaren horma zaharrak neurtu baino ez du egin, kontuan izan gabe barruan familia batzuk bizi direla, pertsona batzuk daudela arazoak ito larrian estuturik, eta horiek ez dutela beste munduko ezer eskatzen, kale gorrian ez gelditzeko etxebizitza bat baino`.
Egoeraren berri eman nahian
Bakero baserriko bi familiak beren egoeraren berri eman nahian dabiltza, kartelak jarriaz. Horrez gain galdetzen dute ea gose grebaren bat ez duten egin beharko eta ´pentsatu ere egin nahi ez duten bestelako ekintzaren batzuk` egitera jo beharko ez ote duten, beren etxea defendatu edo ´kenduko digutenaren antzeko bat lortzeko`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!