GAUR hasiko dira 18/98 auziaren barruko epaiketak. Espainiako Audientzia
Nazionalean inoiz izan den epaiketarik haundienean 59 euskal herritar daude
inputatuta eta horietatik hiru hernaniarrak dira. Gaur 10:00etan hasiko dira
epaiketak, Madrilgo Casa del Campon (horrelako epaiketa haundietarako
prestatutako lekuan). Gaur eseriko diren hiru hernaniar inputatuei 12-16 urte
bitarteko kartzela zigorrak eskatzen dizkiete. Akusazioa, ETAko kide izatea edo
honi laguntza ematea.
Akusazioa eta defentsa
Makro-epaiketak irauten duen egunetan, 59 pertsona pasako dira akusatuen
aulkitik eta guztien artean 991 urteko zigor eskaerari egin beharko diote aurre.
Akusazioaren tesia da pertsona hauek lan egiten zuten erakundeak ETAren parte
zirela edo ETA-KAS konplejoa bezala definitzen duten horrek kontrolatzen zituela.
Ondorioz, erakunde horietako arduradunei kondena haundiak eskatzen dizkie
akusazioak, ETAko kide izatea edo honi laguntza ematea leporatuta.
Defentsak argudiatuko du erakunde eta pertsona horiek ez zutela inongo loturarik
ETArekin, eta egiten zituzten lanak (izan politikoak edo bestelakoak) erabat
zilegiak eta publikoak zirela.
18/98 auzian hiru hernaniar
Elena Beloki, Iñigo Elkoro eta Iñaki Zapiain dira gaur epaituko dituzten
hiru hernaniniarrak. Elena Beloki eta Iñigo Elkoro Xaki auzian sartuta daude.
Belokiri 15 urteko kartzela zigorra eskatzen diote eta Elkorori 12 urtekoa.
Iñaki Zapiain Egin auzian sartuta dago eta 16 urteko kartzela zigorra eskatzen
diote.
´18/98 baino gehiago`
Iñigo Elkorok Kronikari esan dionez, ´auzi hau eta beste izen batzuek jarri
dizkien auziak bat bera dira: gazte mugimenduen kontrakoa, Udalbiltzaren
kontrakoa, Egunkaria kasua... Denak tesi berean oinarrituak daude`. ´Guk egiten
dugun lana erabat zilegia da eta hori badaki Euskal Herriak, superatua dauka
herritarrak. 400 hernaniarrek sinatu zuten ‘Kaiera’ eta hori itzela izan da
guretzat`.