INMACULADA IKASTETXEA

Kronika - Erredakzioa 2005ko abe. 1a, 02:00

Iñaki Arratibel - Hirigintza eta Ingurugiro arduraduna

´Sagardoaren museoa egiteko badaukagu asmoa, ez dakigu nola geldituko den baina martxan dago`

Azken bolada honetan Hernani herria asko aldatu da. Hori dela eta, Iñaki Arratibelen bila joan gara galdera batzuk egitera. Iñaki Arratibel Hernaniko zinegotzia dugu. Hirigintza eta Ingurugiro arduraduna.


Zenbat urte daramazu udaletxean lanean? Eta kargu honetan?
Zinegotzi bezala 1991tik, 14 urte, eta kargu honetan hirigintza lanetan 2003tik, 2 urte.

Zure ustetan zein dira herriko proiekturik garrantzitsuenak?
Momentu honetan Arau Subsidiarioak. Herriak antolatzeko duen arau urbanistiko bat.

Martxan dauzkazuen proiektuak noiz ikusiko ditugu bukatuta?
Beno, segun. Batzuk berehala eta beste batzuk beranduago. Arau Subsidiarioak martxan egongo dira edo indarrean egongo dira hemendik urte batzuetara igual 2-3 urtera. Baino aldiz, beste proiektu batzuk ba laster, piszinak adibidez datorren urtean.

Eta trafikoa nola bideratuko duzue?
Trafikoa bideratu behar da parte hartzen duten alde guztiak kontuan hartuta. Trafikoa da mugikortasuna eta mugikortasunean parte hartzen dute kotxe pribatuek, oinezkoek eta garraio publikoa erabiltzen dutenek.
Orduan denek hartu behar dute parte, jakinez lehentasuna zerk izan behar duten. Gure ustez lehentasuna izan behar dute oinezkoek eta garraio publikoa erabiltzen dutenek.

Epe laburrean zein proiektu jarriko duzue martxan?
Epe laburrean, obra batzuk hasiko dira, datorren astean piszinarena adibidez.

Hainbat proiekturen zurrumurruak entzun ditugu. Egia al da igerileku proiektuarekin aurrera jarraitzeko asmoa duzuela? Eta sagardo museoarekin? Horrela bada non egingo dituzue? Noiz? Eta nola?
Bai, proiektua laster aurkeztuko da. Gertatzen dena da: proiektu horretan parte hartzen du Udalak eta Diputazioak nahi dugu parte hartzea; gero sagardogileek, baina proiektua laster aurkeztuko da. Zertan geratuko den ez dakigu baina martxan dagoela bai. Zurrumurrua baino gehiago da. Ez da zurrumurrua.

Horrelako proiektuetan kontuan hartzen al dituzue herritarrok jasaten ditugun arazoak, eragozpenak...?
Noski, proiektu guztietan egoten da esposizio publiko bat eta horietan behar bada ez dute askok parte hartzen baina batzuk hartzen dute eta askotan hartzen dira kontuan.

Zein neurri hartzen ari zarete Hernanin inguruarekiko, bai airearen kalitatean, bai uretan, zaratan...?
Inguruarekiko... Inguruarekiko gai asko daude kontuan hartzekoak (airearen kalitatea...) Bai, horretarako egiten da mapa bat eta mapa horretan agertzen dira zeintzuk diren problemak. Zarataren mapa egiten da eta jakin non dauden zarata-kutsadurak eta non diren iturriak, zarata horren iturriak zeintzuk diren eta bakoitzari ba bere irtenbide bat eman. Askotan igual izaten da zarataren iturria industria edo batzuetan izaten da trafikoa. Orduan jakin behar da kasu konkretu bakoitzean zer egin.

(Beno eta azken galdera gure buruari zuzenduta) Zein asmo daukazue gazteentzat?
Gazteentzako... beno ba hor badago ingurugiroko politikaren barruan "Agenda 21" topagune bat eta topagune horretan aurkezten dira proposamenak, iniziatibak... eta abar.
Orain egingo da, aurkeztuko da, ekintza plana. Ekintza plan horretan badaude hainbat iniziatiba gazteei zuzenduta, eta iniziatiba horiek ez daude itxita, irekita egongo dira eta irekiko da esposaketa publiko bat. Hori da momentua ekintza plan horretan parte hartzeko, proposamen zehatzak aurkezteko. Orduan, aurkezten den ekintza plan horretan gomendatzen dizuet parte hartzea proposamen konkretuetan.

 

Aupa Etxebeste!

Zuzendariak: Asier Altuna eta Telmo Esnal
Aktoreak: Ramon Agirre, Elena Irureta, Iban Garate, Pako Sagarzazu
Generoa: Komedia beltza
Iraupena: 97 min.
Urtea: 2005
Hizkuntza: Euskaraz. Azpitituluak ditu gaztelaniaz.


Film honek, família baten "opor bereziak" kontatzen dizkigu.
Pelikula honen aktore, eta betetzen dituzten paperak honakoak dira:
Pako Sagarzazuk Luziano aitonaren papera egiten du. Elena Iruretak ama Maria Luisa ordezkatzen du. Iñaki semea da eta Iban Garatek antzezten du. Eta azkenik, Ramon Agirrek Patrizioren pertsonaia betetzen du. Aktore hau da protagonista eta herriko alkatea izateko hautagai. Hauek guztiek herriaren aurrean irudi ona izateko plantak egin behar dituzte.
Etxebestetarrak oporretara irten behar duten egun berean dirurik gabe geratzen dira. Negozioa gaizki doakie, bankuek kreditua kendu diete, txartelak blokeatuta dauzkate eta ezinezkoa izango zaie uda Marbellan igarotzea. Nola moldatuko dira, haien egoera larria inork jakin ez dezan? Etxean gordeta igaroko dituzte oporrak. Itxurak alde batera utzi eta euren arteko gezurrak eta miseriak elkarri aurpegiratu ondoren, bizitzako oporrik onenak pasako dituzte.
Filmaren zuzendariak bi dira:
Lehenengoa, Asier Altuna, 2002an "Topeka" idatzi, zuzendu eta produzitu zuen eta hainbat jaialditan saritua izan zen. Bigarrena, Telmo Esnal, zine eta telebista tekniko lan egin du; film labur batzuetan Asier Altunarekin gidoigintzan parte hartu zuen, esate baterako: Txotx eta 40 Ezetz.
Pelikula hau barre egiteko gogoa duen edozein adinetako pertsonari gomendatzen diogu.
Euskara hutsean filmatutako lehen luzemetraia da, eta gure ustez, oso ona eta dibertigarria da.


 

Sagarrondotik sagardora

Hauxe da SAGARDOAREN PROZESUA pausoz pauso.
Sagar bilketa: Inguruko sagastietan baserritarrek biltzen dutena eta atzerritik kamioiez ekartzen dutena, hemen nahikorik ez baitago.

Garbiketa: Sagarrak urarekin garbitzen dira, sagarrekin datozen belar, hosto eta harritxoak kentzeko.
Aukeraketa: Onak birringailura doaz eta matxaka izeneko makina batean zatitzen dira. Sagar ustelak abereak aprobetxatzen dituzte.

Txikitutako sagarrak tolarera doaz, hemendik zukua lortzen da.

Matxaka-Prentsa: Prentsa mekanikoa, hidraulikoa edota pneumatikoa izan daiteke, hemendik muztioa ateratzen da.

Muztioa upelera doa eta han hartzidura gertatzen da: Hartziduran, muztioaren azukrea alkohol bihurtzen da. Muztio zakar, gozo eta lodikotea, sagardo arin, lehor eta bizia bilakatzen da.
Hartzidurak bi fase ditu: aurreneko bi edo hiru astetan, apar asko askatzen da eta ondoren, sagardoa garbituz doa eta ia ez du aparrik botatzen.


Orain UPELAri buruz hitz egingo dugu.

Egurrezko upelak osagai hauek ditu: goiko zuloa, burua, kardia, leihoa, beheko zuloa, uztaia, hondoa, azpi zura eta txotxa.

Upelen tamainak: Barrikotea 100 litro arte, Barrika 100-600 litro bitartean, bukoia 600-1000 litro bitartean eta upela 1000 litro baino gehiago.

Upelen garbiketa: Nahitanahiezkoa da ontziak urtero garbitzea, aurreko urteko sagardoak utzi dituen hondarrak kentzeko. Bestela, sagardoak barrika-gustua hartzen du.


Sagardoa egiteko Sagar Barietateak askotarikoak dira.

´Sagarra nolakoa sagardoa halakoa`. Zapore guztietako sagarrak erabiltzen dira.
Garratzak: Errezil sagarra, Txalaka, Berde mikatza ,…
Mikatzak: Urdin sagarra, Goikoetxe sagarra, Haritza,…
Gezak: Txori-sagarra, gorri-txikia… erabiltzen dira sagardoa egiteko.

Hernanin 12 sagardotegi daude, hauek dira batzuk: Alberro, Akarregi, Larregain, Zelaia...
Sagardoa Euskadin ezezik mundu osoan ere edaten da. Gehien edaten dutenak gazteak dira eta beraien kontsumoa goraka doa.

Europan sagardoa egin eta edaten da Belgika, Alemania, Austria eta beste leku batzuetan ere. Sagardoa ibero-amerikako herrialdeetan ere aurki daiteke.
Munduan zehar sagardoa edo udare-sagardoa egiten da, metodo hori jarraituz, adibidez Hego Afrikan, Australian eta Zelanda Berrian.

Aurtengoa ere martxan dago eta inguruko jendeak, garaia heltzen denean, gozatuko du. Guk, geure aldetik, bi gomendio besterik ez, batetik ondo pasa eta bestetik Hernaniko herria, kaleak eta giroa errespetatu eta zaindu. TXOTX!!!!!

II Gerra karlistan Hernaniko Udaletxea erre egin zen

Gerrate karlistak Euskal Herrian arazo politikoengatik eman ziren; borboitarrek foruak kendu zizkigutelako 1833an.

1837ko apirilaren bukaeran eta maiatzaren hasieran, Hernaniren kontrako erasoa hasi zen. Karlisten eta liberalen aldeko bandoak oso nabarmenak izan ziren Euskal Herrian; liberalak (Isabelen jarraitzaileak) hiritarrak ziren eta karlisten aldekoak (Karlosen jarraitzaileak), berriz, nekazariak.

1837an liberalek udaletxeko hainbat dokumentu erre eta beste asko leihotik jaurtiki zituzten. Egun hartan ere, liberalek Hernani bereganatu zuten.

Udaletxearen historiarekin jarraituta, 2. Gerrate Karlistan (1872-1876) udaletxeak Santiagomenditik bonbardeoa jasan zuen eta horren ondorioz Hernaniko udaletxea erre egin zen, barruan zeuden dokumentu askorekin. Hernaniko okupazio militarrari dagokionez, 1874ko maiatzaren 30etik ia gerratearen bukaeraraino inguraketa isolatzailea jasan zuen herriak. Inguraketa hau desagertu zenean udaletxea berreraikitzeari ekin zioten.

Gaur egungo udaletxearen edertasuna eta dotorezia suntsiketaren ondoren egindako proiektuaren ondorioa da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!