PELLO Zubiria Hernanin bizi den kazetariak eta
Luis Mari Inza tolosarrak Erlea gure sendagile liburua aurkeztuko dute
datorren astean, Erle Egunean, Usurbilen. Eztiak, polenak, propoliak,
erlearen pozoiak... duten sendatzeko ahalmenaren berri ematen du, besteak
beste. Erlea gure sendagilea liburua Apiterapia hoy lanaren bertsio berezi
bat da eta Julio César Díaz mediku eta erlezainaren ikerketa eta teoriak
biltzen ditu. Diez Apiterapia munduan ezagunetako bat da, eta Apiterapia
hoy liburuan medikuntzaren atal horren aurkezpen orokorraz gain, badakar
Argentina, Kuba, Kolonbia eta Uruguaiko esperientzien berri ere. Argia
aldizkariak argitaratuko duen euskerazko bertsioak pasarte nagusiak
biltzen ditu. Aurrera begira gaztelerazko bertsioa argitaratzeko asmoa ere
badute Zubiriak eta Inzak. Liburua gutxi barru egongo da liburu dendetan.
Propolia, botikina
Erlea gure sendagilearen zatirik haundiena propoliari eskainia dago. «Esan
liteke propolia dela erleak aukeratu eta elaboratutako landare erremedioa»
dio Zubiriak. Erleak erlauntza ixteko eta desinfektatzeko erabiltzen du,
batez ere. apiterapeutek 20 erabilpen terapeutiko ezberdin aurkitu
dizkiote. Propoliak antibiotiko lana egiten du eta fungizida ere bada,
hongoak hiltzen ditu. Zubiriak berak probatuta daki horren berri.
Artritisari aurre egiteko antibiotikoak hartu, baina, hesteetako arazoekin
jarraitzen zuen, antibiotikoak ez zizkion hongoak hiltzen. Propoliak egin
zion lana. Desinfektantea izaki, dentistek ere erabiltzen dute kontsultan.
Tentsioa eta kolesterola jaisteko ere ona omen da, eta sistema
inmunologikoa orekatzeko gaitasuna aitortzen diote propoliari. Eta alergia
batzuen kontrako erremedioa ere jotzen dute.
Propolia era askotan aurkitu liteke dendan: olio edo alkoholetan
disolbatuta, krema edo ukenduetan, kapsuletan... zenbait erlazainek bere
horretan ere hartzen dute. Hemen ez, baina, leku batzuetan hartzen dute
spraytan, loziotan, supositoriotan eta lurrunetan ere.
Polena, bitaminak eta mineralak
Euskal Herrian erleari polena kentzea berria da, orain dela 25 urtetik
honuntzako kontua. Gaur egunean erlazainek saltzen dute, eta komertziotan
ere badago. Apiterapeuten ustez polena da multibitaminiko eta multimiral
onena. Proteina, minerala, bitamina eta oligoelementu asko ditu. Bestalde,
polena omen da bitamina guztiak dauzkan produktu bakarrenetakoa.
Zubiriaren esanetan, apiterapeutek bi kasu berezitan behintzat gomendatzen
dute polena hartzea «bata da osteoporosia daukaten pertsonena, menopausian
diren edo jadanik hori pasatu duten emakumeena bide batez. Hauentzako
tratamenduan leku zentrala ematen diote polenari». Beste kasua da
gizonezkoetan prostata zaintzeko.
Polena ia beti lehortuta saltzen da. «Horrelakoetan, ahalik eta garbiena
eta gehiegi berotu gabe lehortua izatea beste biderik ez dugu, inork ez
baitu deklaratzen zenbat gradutan elaboratu duen» dio Zubiriak.
Apiterapeutek garrantzia haundia ematen diote polena freskoa izateari.
Hartzeko moduari dagokionez, Hugo Agirre mediku apiterapeutaren esanetan,
komeni da polena hartu aurretik orduerdi beratzen edukitzea, (uretan,
yogurtean...). Horrela indar askoz gehiago omen du
Jalea-reala edo erregin-jelea da apiterapiako produktu ezagunenetako bat,
erlea erregin izateko ematen dioten jana. Neke eta ahuldadea duten ume eta
helduei aholkatzen die apiterapeutek. Erregin-jeleak oso dosi txikian
egiten du eragina.
Eztia, gozagarria
Eztia da noski erle produkturik ezagunena, eta gehiena erabili izan dena
ere bai. Kanpo eta barruak gozatzeko ona omen da. Azalean, eztiak
laguntzen du zauriak sendatzeko, erreduren kontra ere erabiltzen da.
Gozagarri gisa, apiterapeuten esanetan azukre normala baino hobea da
gorputzarentzat, asimilatzen gutxiago kostatzen zaiolako. Arrazoia da
eztia monosakaridoa dela, eta gorputzak bere horretan hartzen duela.
Erremolatxatik edo kainaberatik datorren azukrea berriz, disakaridoa, eta
gorputzak energia gastatu behar du hori hartzeko. Bakterioen kontrako
ahalmen pixka bat ere badu eztiak.
Nolako eztia jan ere badago aldea. Ahalmen guztiak edukitzekotan
pasteurizatu gabekoa izan behar du, berotu ezkero indarra galtzen duelako.
Itxura denez, ordea, baserriko oilaskoarekin gertatzen dena pasatzen da.
Jendea ezti biguinera ohitu da eta gero kosta egiten zaio bestea jatea,
askotan gogorragoa delako. Badira biguinak ere.
Erle ziztada
Erle ziztadak ere baditu propietate terapeutikoak. Halaxe erakusten du
artritis, hezurreria, esklerosi anitza edo antzeko gaitzen bat izan eta
probatu duenak. Sistema da bizkarrean alde banatan edo mina dagoen tokian
erleak jarriz zizta egitea. Erlea internetez ere lor liteke, eta kaxa
berezitan bidaltzen dituzte. Pozoiak bere arriskuak ere baditu, ordea, eta
larriak gainera, pozoiari alergia bazaio. Horregatik beti alergia proba
egin behar da horrelako tratamendu bat hasterako, eta tratamendua
apiterapeuta baten esanera egin behar da.
|
Erle-produktu nagusiak
Propolia. 20 erabilpen
terapeutiko ezberdin aurkitu dizkiote. Propoliak antibiotiko lana egiten du
eta fungizida ere bada, hongoak hiltzen ditu. Tentsioa eta kolesterola
jaisteko ere ona omen da, eta sistema inmunologikoa orekatzeko gaitasuna
aitortzen diote.
Polena. Apiterapeuten ustez polena da multibitaminiko eta
multimineral onena. Proteinak, mineralak, bitamina eta oligoelementu asko
ditu. Menopausia eta prostatarentzako ona.
Erregin-jalea. Neke eta
ahuldadea duten ume eta helduei aholkatzen die apiterapeutek. Erregin-jaleak
oso dosi txikian egiten du eragina.
Eztia. Azalean, eztiak
laguntzen du zauriak sendatzeko, erreduren kontra ere erabiltzen da.
Gozagarri gisa, apiterapeuten esaneten azukrea baino hobea da
gorputzarentzat.
Erle ziztada. Erle
ziztadak ere baditu propietate terapeutikoak. Halaxe erakusten du artritis,
hezurreria, esklerosi multiplea edo antzeko gaitzen bat izan eta probatu
dutenak.
|