GOIZUETAN iaz hasi ziren berriro ere hazienda feria egiten eta horren
inguruko festa antolatzen. Izan zuen arrakasta ikusita aurten ere animatu dira
eta egun guztiko egitaraua antolatu dute, datorren larunbaterako, hilaren
26rako. Haziendaz gain beste hainbat ekitaldi ere izango dira, eguna jai giro
ederrean pasatzeko. Iaz hernaniar asko izan ziren ferian eta antolatzaileek
aurten ere animatu nahi dituzte bertara joateko: ´presarik gabe etorri, eguneko
eta gaueko jai giroa ziurtatua baitago` diote.
Hazienda eta jai giroa
Goizeko 10:00etan irekiko da feria, ekitaldi sorpresa batekin. Postuetan
ikusi ahal izango da hazienda (behiak, ardiak, hegaztiak, ahuntzak...) eta
herriko produktuak (barazkiak, eztia...). Goiz partean sagarra txikituko dute
tolare batean eta muztioa banatuko dute, horrez gain inistor-meta bat ere egingo
omen dute.
Eguerdian frontoian bazkaria antolatu dute eta jakinarazi, txartelak salgai
egongo direla osteguna arte Goizuetako bi tabernetan: Urrutienea eta Amaian.
Egun guztian zehar Antsoarregi, Larrañaga eta Lutxurdio trikitilariak ariko dira.
Gazte Asanblada arduratu da aurten ere parrandarako giroa jartzen eta
bazkalondorenean fandango lehiaketa izango da. Hernaniko Urumea txaranga ere
ariko da kalez kale giroa alaitzen eta gaueko 23:00etan kontzertua antolatu dute
Gaztetxean.
Urtero, duela 32 urte arte
Hazienda Feria duela 32 urte arte egiten zen azaroan eta abenduan eta
zerriaren inguruko festa izaten zen, garrantzia haundia baitzuen orduan. Zerriak
udazkenean mendian jan eta jan ibili eta gero, gizen-gizen egin eta neguan
egiten zen ferian erakusten zituzten. Trikinosi gaixotasuna agertu zenean
debekatu egin zen zerrien salmenta eta feria ere bukatu egin zen.
Feria antolatzen ari dira: Goizueta Birizik, Goizuetako Udala, Umore Ona
elkartea, Zaharren Elkartea eta Gazte Asanblada, besteak beste.