26garren Artisau Azokak postuz eta jendez beteko du Gudarien Plaza igandean

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 30a, 02:00

25 postu izango dira, horien artean 6 hernaniarrenak. Aurten txalupen erreplikak egiten dituzten artisau talde bat gonbidatu dute azokara.

URTERO egiten den moduan, aurten ere Pablo Lasa Artisau Azoka antolatu du Gabiltza taldeak, negua iristearekin batera. Igandean izango da, abenduak 4, Gudarien Plazan. Bertan jarriko dituzte Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritako artisauen 25 postu eta horietatik 6 hernaniarrenak izango dira: Maider Kalonje (egur taila); Iñaki Gorostidi (miniaturazko harriak); Mo (serigrafia); Kulunka (marketeria); Benigno Albeniz (uztarriak); Errapia (zeramika) eta Anastasia Leunda (ezkurra).
Bestalde, 3 artisau etorriko dira Nafarroatik eta beste guztiak Gipuzkoako hainbat herritakoak dira: Zarautz, Donostia, Ataun, Oiartzun, Irun... Artisautza produktu ezberdinak ikusi eta erosteko aukera izango da igandean: pitxiak, jostailuak, zeramikazko piezak, oihalak... Horretaz gain artisauek beren produktuak nola egiten dituzten ikusi ahal izango da.

Txalupen erreplikak
Antolatzaileek azaldu dutenez, aurten gonbidatu berezi bat ekarriko dute azokara: Pasai Donibaneko Ontziola zentroko lan-taldea. Zentro horretan garai bateko itsasontzien erreplikak egiten dituzte, horien ikerketa bultzatzearekin batera. Igandean erreplika horietako batzuk ekarriko dituzte eta ontziak nola egiten ziren erakutsiko dute jendaurrean.

Tailerrak, jatekoak eta musika
Postuez gain, umeentzako eskulan eta sormen tailerrak ere antolatu dituzte. Gainera, izango da zer janik: taloak, txorixoa, eztia, pastak, txokolateak, pateak, ogia, pastelak...
Giroa alaitzeko musika izango da egun osoan zehar. Dultzaina jotzen ariko dira Irungo Agirretxe anaiak eta Hernaniko musika eskolako trikitilariek ere girotuko dute plaza ingurua. Hau guztia goizeko 11:00etatik 14:30etara eta arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara izango da.

Gazteen 11garren Dantza Txapelketa Plaza Berrian

Artisau Azokarekin batera, Hernaniko Gazteen Dantza Txapelketa antolatu ohi du Kriskitiña dantza taldeak. Aurtengoa hamaikagarrena izango da. Eguerdiko 12:00etan, Plaza Berrian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!