UDALAK Musika Bandan aritutako 3 saxojole omenduko ditu gaur arratsaldean.
Antonio Garnateo Galanek 50 urte egin ditu Hernaniko Musika Bandan saxofoia
jotzen eta Juan Arzallus Garmendia eta Miguel Mari Lizarza Azpirozek, 25 urte.
Omenaldia gaur arratsaldeko 20:00etan izango da Udaletxeko pleno aretoan.
Gaurko omenaldia ilusioz hartuko dutela adierazi digute hirurek ere, egindako
lana errekonozimendua izango baita.
Bandako 4 zuzendari ezagututako saxojole
Antonio Garnateo, bandan egindako 50 urteetan, 4 zuzendari ezberdinen
gidaritzapean izan da: Jose Antonio Ruiz Bona, Juan Jose Iruretagoiena, Manuel
Sagarna eta egun zuzendaria den Zipri Otxandorena.
Antonio Garnateok saxofoi altua jotzen du eta egun dakiena Jose Antonio Ruiz
Bona zuzendariari zor diola azaldu digu: ´Bona karreradun zuzendaria zen, eta
instrumentu pila bat jotzen zituen. Astean bitan, ensaioen aurretik biltzen
nintzen berarekin eta saxofoia jotzen irakatsi zidan. Orduan ez zegoen
kontserbatoriorik` azaldu du. Aurretik zerbait ba omen zekien: ´Badajozen arotz
lanetan hasteko eskatzen zuten instrumenturen bat jotzea eta orduan ere ikasi
nuen zerbait` dio. Gustoko musika estiloen artean Zartzuela aipatu digu
Garnateok.
Manuel Sagarnaren ikasle fina
Miguel Mari Lizarza 13 urterekin hasi zen saxofoi tenorea jotzen: ´Solfeo
ikasketak bukatuta, Manuel Sagarnak irakatsi zidan saxofoi tenorea jotzen,
armairuan geratzen zen instrumentu bakarra zen. Ondo gogoratzen dut saxofoi
zahar hura, Antziolatik Udaletxeko eskaileretan gora arrastan eramaten nuen.`
Rag Timea du gustoko musika estiloa, dantzatzeko moduko jazz musika, bere
hitzetan.
Miguel Mari Bandako lehendakaria izandakoa da eta San Joanetako Preludioa
martxan jarri zuenetako bat. Lan haundia izan omen zen herriko talde ezberdinak
koordinatzea, baina pozik dago ikusten baitu urtetik urtera hobera dijoala
preludioa.
Bandako lehendakaria
Juan Arzallus Bandako lehendakaria da gaur egunean, eta 17 urterekin hasi
zen saxofoia jotzen: ´aitonak ere klarinetea jotzen zuen bandan eta hortik ere
etorri zitzaidan hasteko gogoa`. Juan Jose Iruretagoiena zuzendari zenean sartu
zen bandan, saxofoi baritonoa jotzera. Estilo aldetik denetarik gustatzen zaiola
adierazi digu. Bandan egindako urteak oso onak izan direla dio: ´eguneroko
lanetik beste giro bat aurkitu dut eta kultura musikala garatzeko aukera eman
dit` azaldu digu.
Zipri Otxandorena bandan hasi denetik estilo berriak landu dituzte bandan:
´jendeari esan nahi nioke errepertorio berria dugula eta adi egoteko
kontzertuetan`dio.