Frantziar eta espainiar estatuek Euskal Herria hiru administrazio ezberdinen bitartez zatikatua mantentzen dute egun, mendeak dirauen bortxazko zapalkuntza luzatuz. Modu honetan, euren nazio izaera beste nazio anitzen ukazioan oinarritu dute. Alta, Euskal Herriak bere izaerari eutsi dio, denbora tarte luze honetan eta orain inoiz baina indartsuago, euskal herritarrok geure etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea aldarrikatzen dugu.
Euskal herritargoari dagokigu geure eskubideen alde lan egitea, norberak gehien eman dezakeen arloan, eta duela urte batzuetatik hona ekimen ezberdinak jarri dira martxan aldarrikapen amankomunen itzalean. Indar gehien erresistentziara bideratzen ziren garaiek aro berri bati utzi die lekua eta herrigintza da gaur egun indartzen ari garena. Estatu zanpatzaileen kateetatik ihes eginez proiektu propioak garatzen hasi gara etorkizuneko Euskal Herriaren oinarriak eraikiz. Herritik. Herriarentzat.
Ekimen horietako bat Euskal Herriko Naziotasun Aitormenaren erabilpena da. Desobedientzia zibilaren bitartez eta egunerokotasunik arruntenean herri bezala bizitzeko dugun eskubidea aldarrikatzen dugu. Finean hori baita EHNA, soilik goi politikagintzari begira egon beharrean norberak proiektu baten alde egiten dugu eguneroko urrats praktikoa. Norberak bere txikitasunean uholde handi bat sortuz.
EHNA erabiltzen dugunok Euskal Herritar libre bezala bizitzeko aldarrikapena egiten dugu Hernanin, Tuteran, Barkoxen, Ziordian, Saran edo Trapagan, geure arteko bereizketarik gabe. Honezkero badakigu urratsak emanez egiten dela bidea, beraz, deialdia egiten dizuet hernaniar guztioi EHNA erabil dezazuen eguneroko eginbeharretan, norbanakoaren indarra gutxietsi gabe, Euskal Herriaren eskubideen alde.
Gari Arruarte
Euskal preso politikoa
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!