DUELA gutxi bota dituzte Kale Nagusian 3 eta 5garren
zebakietako eraikinak. Horien azpian, Tiloseta aldean, arrasto arkeologikoak
azaldu dira. Zehatz esateko kanpaiak egiteko labe bat aurkitu du Arantzadiko
arkeologo talde batek. Indusketa hauen zuzendaria Miren Garcia hernaniarra izan
da eta bertan Alfredo Moraza arkeologoak ere hartu du parte, besteak beste.
Hernaniko Kaxkoa monumentu historiko bezala babestua dago eta promotora guztiak
behartuta daude azterketa arkeologiko edo historikoak egitera bertako eraikinak
bota aurretik eta botatzerakoan. Hain zuzen, azterketa hori egiterakoan azaldu
dira arrasto arkeologikoak eraikin honen azpian.
Aldi baterako labea, XVIIgarren mendekoa
Alfredo Morazak Kronikari azaldu dionez, Tiloseta ondoan azaldu den labea
XVIIgarren mendea edo XVIIIgarren mende hasierakoa da seguruenik. Hori jakin
dute inguruan azaldu diren zeramika zatien tipologiari esker.
Labea bi zatik osatzen dute: alde batetik labea bera eta bestetik kanpaiaren
moldea. Bi zati horien azpiko basea da aurkitu dutena ´baina oso kontserbazio
egoera onean` dio Alfredok. Kanpaigileak herriz herri ibiltzen ziren enkarguak
egiten eta batez ere oso ospetsuak omen ziren arabarrak eta Kantabria aldekoak;
kanpaia egiterakoan labea desmontatu egiten zuten eta horregatik ez da labea
osorik aurkitu. Kanpaigileen ofizioa Erdi Arotik dator eta orain gutxi arte
iraun du. Tamalez, jadanik ez da kanpaigilerik geratzen Euskal Herrian
Dena den, ziurtzat jotzen dute labe honetan egindako kanpaia San Joan elizan
jartzeko egin zutela: kontuan izanda kanpai batek tona asko pisatzen dituela,
normalena zen labea kanpandorretik ahalik eta gertuen jartzea. Hala ere, horrek
ez du esan nahi gaur egun kanpandorrean dauden kanpaiak labe honetan egin
zirenik, geroagokoak ere izan baitaitezke. Gainera, kasu askotan kanpai zaharrak
urtu eta berriak egiten zituzten material berdinarekin
Brontzezko kanpaiak egiteko modua
Labea adreiluz egina da gehienean eta honek ere bi zati ditu: sua egiteko leku
bat eta brontzea funditzeko beste bat. Baina seguruenik kanpaia egiteko
moldearen arrastoak dira ikusgarrienak.
Moldea egiten zuten lurrean zulo handi bat eginda. Zulo horretan adreiluzko base
bat jartzen zuten eta ondoren buztinezko kapa batzuk jartzen zizkioten base
horri, kanpai forma ematen. Moldearen barruan kanpai faltsua izenekoa zijoan,
gantzaz egina. Gero gantza kendu eta brontzea fundituta botatzen zen hutsune
horretan eta brontzeak kanpai forma hartzen zuen. Brontzea labetik moldera kanal
baten bidez pasatzen zen, baina tamalez Hernanin ez da azaldu kanalaren
arrastorik. Kasu askotan gantzari molde berezi batzuen bidez letrak edo
marrazkiak egiten zizkioten, brontzezko kanpaian letra horiek azaldu zitezen.
Kanpaia hainbat egunetan hozten utzi eta horrela bukatzen zen prozesua.
Hernanin azaldutako labea nahiko berezia da. Alfredoren esanetan Europan oso
leku gutxitan azaldu dira mota horretako labeak molde eta guzti, normalean
moldeak bakarrik azaltzen baitira. Gipuzkoan kanpaiak egiteko labeak aurkitu
izan dituzte (Tolosan, Azpeitian, Azkoitian...), baina ez Hernanin azaldu dena
bezalakorik. Moldeak 1,40 metroko diametroa du, beraz, bertan egindako kanpaiak
ere diametro hori zuen.
Zer pasako da orain labearekin?
Arantzadiko talde honetatik Kronikari jakinarazi diotenez orube horretan etxeak
egingo dituzte, baina labearen arrastoak ez dira desagertuko. Labearen gainetik
hainbat geruza jarriko dituzte eta horren gainean eraikiko dituzte etxebizitzak.
Indusketa lanak bukatuta, laborategikoak hasiko dituzte gero, eta batez ere
artxiboetako lanak. Artxiboetan aurkitu beharko dituzte kanpai horren berriak:
noiz enkargatu zen, zeinek, zein izan zen kanpaien egilea...
Hernaniko harresiaren zati bat agerian geratu da
Kanpai labeaz gain, beste arrasto batzuk ere azaldu dira Kale
Nagusia eta Tiloseta arteko orube horretan. Arrasto horien artean Hernaniko
aintzinako harresiaren zati bat da nabarmentzekoa.
Harresiak metro inguru du zabalean eta garbi ikusi daitezke harlanduko zatiak.
Lehenago ere aurkitu zuten harresi zati bat Kale Nagusian, ferreteria zegoen
horretan. Baina harresitik hobekien geratu den puska Zapa kaletik Atzietara
pasatzeko arkua da.
´Etxeek harresia jan dute`
Hernaniko Kaxkoa Erdi Arotik egon da harresitua, baina pixkanaka etxeek
´jan` egin dute eta apenas gelditzen den harresi horren lekukorik. Alfredo
Morazaren esanetan oraindik azalduko dira zati gehiago, etxe askok harresia bera
euskarri bezala aprobetxatu baitute eta metro beteko horma eta egiturak ikusi
baitaitezke oraindik.