Hitzaldia emango du gaur, 19:30etan, Biterin: ‘Como avanzar para erradicar la violencia hacia las mujeres. Una iniciativa por los buenos tratos’.
Maria Antonia Caro Andaluziako giza eskubideen aldeko
elkartekide eta feminista da, besteak beste, eta gaur Hernanin hitzaldia
emango du biolentzia sexistaren inguruan. Hitzaldia, Emakumeekiko
Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren barruan antolatu du Berdintasun
Kontseiluak. Atzo goizean Hernaniko Kronikak berarekin hitz egiteko aukera
izan zuen Donostian.
Hiru ideia nagusi Hitzaldia jendeak galdetzen dion bidetik gidatuko duela argi utzi du
Maria Antonia Carok, baina, 3 ideia nagusi azpimarratu ditu:
1) Biolentzia sexista gizarte guztiaren gauza da. Botere publikoek
zeresan haundia dute baina datuak ikusita denon kezka behar lukeela argi
dago: 2004an 94.111 denuntzia jaso ziren estatuan tratu txarren ondorioz
eta 36.775 babes orden eman ziren (EAEn 704 babes orden eman ziren).
Horrez gain, 69 emakume izan dira biolentzia honen ondorioz erailak 2004an
eta horietatik 3 Bilbon izan dira.
2) Heziketa positibo baten beharra azpimarratu du Carok ´harremanen
kalitatearen alde`. Askatasunean eta berdintasunean oinarritutako
harremanak izaten erakustea arazo honen konponbidearen muinetako bat dela
dio adituak: ´administrazioari eskatu behar diogu babesa eman eta laguntza
sozio-ekonomikoak bideratzeko biolentzia sexistako biktimei, baina,
gizartearen lana da bakarrik sentitzen diren biktima hauei laguntzea eta
neska mutilak balore egokietan hezitzea`. Bide horretan kanpaina bat ari
dira gauzatzen ikastetxeetan berdintasunean oinarritutako harremanak:
kalitateko maitasuna izenburupean eta erantzun oso ona izaten ari du
kanpainak Caroren hitzetan: ´garai batean maltratoa gaiaren bueltan egiten
genituen jardunaldiak eta ez zen inor etortzen, baina orain,
berdintasunezko harremanak izaten erakusteko tailerrak egiten ditugu eta
demanda izugarria da`. Carok azpimarratu du hezkuntzan ez dela egin
litekeen guztia egiten, eta behar adina laguntza ere ez dutela ematen
erakundeek, heziketa lan horretarako. Hala ere, garai batetik izugarri
aurreratu dela nabarmendu dio Kronikari: ´lehengo garaiak ezagutu
genituenok badakigu hori`.
3) Lege integralak urtebete bete du eta balorazioak egiteko goizegi
iritzi arren, legeak gauza onak dituela nabarmendu du: ´adibidez biktimen
eskubideak kontuan hartzea, edo arazoak tratamendu integrala behar duela
azpimarratzea`. Baina, hutsuneak ere ikusten dizkio: ´paperetik
errealitatera tarte haundiegia dago oraindik. Horrez gain, legeak
irtenbidea ia erabat bide judizialetan jartzen du eta bide judizialen alde
egon arren, garrantzi gutxitxo ematen dio heziketari`.
Esanda bezala
´Berdintasunaren bidean asko aurreratu da eta bestela
begiratu bat eman atzera. Kontua da oraindik ere bide luzea dagoela
egiteko`.
´Nik uste dut biktimek eta erasotzaileak biak behar
dutela tratamendu terapeutikoa, baita, epaitegietatik pasa gabeko kasuetan
ere`.
´PPk hasitako eta PSOEk jarraitu duen bide bat bada,
arazo sozialak epaitegien bidetik konpontzekoa. Ezinezkoa da hori,
errekurtso askoz gehiago dedikatu behar zaizkio heziketari`.
´Berdintasunean, askatasunean, eta autonomia
pertsonalean oinarritutako harremanak behar ditugu. Harremanen kalitatea
dago jokoan`.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!