EREÑOTZUKO Kultur Asteak igandean izan zuen egun haundia eta urteroko moduan
jende asko bildu zen auzoko plazan, gaztaina erreak jan eta auzoko sagardoa
edatera. Horrez gain, tortila eta pintxo lehiaketa ere izaten da eta behin
lehiaketa bukatuta guztien artean jaten dituzte hauek ere. Hori igande
arratsaldeko plana zen Ereñotzun, baina, goizetik gazteenek izan zuten gozatzeko
aukera, berentzako tailerrak eta pailazoak baitzeuden. Ume asko bildu zen
eskolako gimnasioan, auzoan bizi direnak eta kanpoan bizi diren auzotarren seme-alabak,
gehienak.
Oskoz eta Iturbe irabazle
Tortila eta pintxo lehiaketan lehia estua izan zuten, guztiak probatu behar
izan zituzten epaileek Kronikari adierazi diotenez. Tortila lehiaketan 4 auzotar
aritu ziren epaile eta pintxo lehiaketan 2 auzotar. Maixol Oskozek egindako
patata tortila izan zen lehen saria jaso zuena, aurkeztutako 16 tortilen artean.
Bestalde, pintxorik onena Maite Iturberena izan zen, aurkeztutako 8 pintxoren
artean.
Sukaldaritza ikastaroa
Aurtengo kultur astea sukaldaritza ikastaroarekin bukatuko da Ereñotzun.
Atzo izan zuten lehen klasea eta bihar bigarrena eta azkena.
Antolatzaileen hitzetan gero eta gehiago kostatzen da jendea mugiaraztea zenbait
ekitalditara, nahiz eta igandekoa bezalako festek urtero arrakasta haundia izan
auzoan.