«Bigarren mailako ikasketak egin ahal izateko jo nuen ‘Aba Melaku’, Aita Olaranengana»

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 16a, 02:00

ABREHET Girmay Wukrotik etorri da hankean protesi bat jartzera. Bera Angel Olaran misiolari hernaniarrarekin dabilen 1.560 haur eta gazteetariko bat da eta ikasketetan aurrera egiteko aukera izateaz gain, haren bidez lortu du Hernanira etortzea eta protesia jartzea. Etiopian egiten duen bizimoduaz hitz egin digu.

Nolatan etorri zara Hernanira?
Hankean protesia jartzeko etorri naiz. Duela 6 bat urte, bonba bat medio, hanka galdu nuen eta moztu egin zidaten. Duela urtebete protesi bat jarri zidaten Adis Abebako ospitalean baina ez nuen ondo onartu. Iraila bukaeran etorri nintzen Hernanira beste protesi bat jartzeko. Hasieran benda batzuen bidez hankari forma eman diote eta orain hanka jarri didate. Egun hauetan hanka berriarekin ibiltzen ikasten ari naiz.

Ospitaleetaz gain beste lekuren bat ezagutzeko aukerarik izango zenuen...
Lekuak bisitatzen eta pasiatzen aritu naiz. Donostia, Urnieta, Iruñea, Irun, Errenteria, Hondarrabia eta Ibarra ezagutu ditut.

Nola egin zenuen topo Angel Olaranekin?
Aba Melakurengana (Angel Olaran) jo nuen bigarren hezkuntzako ikasketak hasi nahi nituelako. Ordura arte familiarekin bizi nintzen, eta lehen mailako ikasketak nengoen herrian bertan egin nituen. Bigarren mailakoak hasteko, ordea, beste herri batera joan beharra neukan, urrutira, eta ez geneukan baliabiderik. Aba Melakuk eman zidan non bizia, jana eta ikasketak egiteko aukera.

Zertan espezializatu nahi duzu?
Banketxe batean lan egin nahi nuke. Uste dut buru ona dudala horretarako.

Ohikoa al da Etiopian emakumezkoek banketxeetan lan egitea?
Ez egia esan, ez daude emakume asko banketxeetan. Orain jende gaztea ari da formatzen eta gero eta gehiago ikusten da.

Zein bizimodu egiten duzu Wukron ?
Aba Melaku dagoen herrian bizi naiz, Wukron, eta hilabetero 30 euro ematen dizkigute. Horrekin ordaintzen dut nire etxea (12 m2 ditu), janaria eta ikasketak. Aba Melaku nere aita bezala da.

Zer jaten duzue?
Engera izeneko jakia jaten dugu: garagarra eta ura nahasi eta fermentatutakoan talo zabal eta fin moduko bat egiten dugu. Horri botatzen diogu normalean piper pikantea. Pikanteak tripa lasaitzen laguntzen du, gosea asetzeko.

Egunero egunero jende askok jotzen du Angel Olaranengana...
Bai. Gure herrian jende asko hiltzen da HIESak jota, gaur egunean gerragatik baino dezente gehiago. Gurasorik gabe ume asko geratzen da baliabiderik gabe eta Aba Melakurengana jotzen dute. Kontua da ezin dituela denak hartu, ezezkoa eman behar izaten du. Gaur egun 1.560 haur eta gazte gaude Aba Melakurekin eta 500 bat alargun seme-alabekin.

Zer egoeratan geratzen dira laguntzarik jasotzen ez duten pertsonak?
Neskek ikasketarik edo ogibiderik gabe ez dute aukera haundirik eta prostituzioaren munduan murgiltzen dira askotan. Jatekorik gabe jendea gosez hiltzen da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!