Hernanik eta Idiazabalek neurtuko dituzte indarrak gaur Zubipen, arratsaldeko 16:30etatik aurrera. Partidu gogorra izango da, bi taldeak sailkapeneko erdikaldetik behera baitaude. Hernani hala ere, azken postutik 14garrenera igo da azken jardunaldietan eta badirudi joko puntua aurkitzen ari dela kategoria berrian. Lehengo astean Lesakako Beti Gazte taldea erraz hartu zuten menpean txuriberdeek eta etxeko partiduetan erakutsi behar dute orain nagusitasun hori.
Idiazabalgo taldea puntu bat gehiagorekin dago hernaniarrak baino, 12garren postuan. Gaur irabazita postu asko aurreratu litzazke Hernanik eta Idiazabal bera atzekaldean utzi.
Boleiboleko bi partidu gaur
Boleiboleko nesken taldeak gaur hasiko du denboraldia, Gipuzkoako ligan. Pio Baroja kiroldegian jokatuko dute lehen partidua Fortuna taldearen kontra. Hernaniarrek iazko bloke beretsua dute aurten eta Fortuna taldeari gerra emateko moduan izango dira gaur, arratsaldeko 16:00etatik aurrera.
Bestalde, mutilen taldeak Hernaniko kiroldegian jokatuko du gaur, 18:00etatik aurrera. Deustoko taldea izango du aurrez aurre: kontrario gogorra hernaniarrentzat. Hernaniarrek asko jokatu beharko dute denboraldiko bigarren garaipena lortu nahi badute. Azken partiduak baja dezenterekin ari dira jokatzen hernaniarrak eta irabazi ezinda dabiltza.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!