Argazki lehiaketa gaur Biterin, 90 diapositibarekin

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 11a, 02:00

mendizale Astean diapositiba emanaldiak ari dira izaten aste osoan zehar Biterin, eta gaurko emanaldiarekin bukatuko da aurtengoa, lehiaketarekin. Mendiriz Mendik antolatzen duen diapositiba lehiaketa ez da atzo goizekoa, aurten 26garren edizioa baitu. 19 parte hartzaile izan dira guztira eta 90 bat diapositiba izango dira lehiaketan sartu direnak. Lau sari erabakiak ditu dagoeneko epaimahaiak (Txuso Gomez, Xabier Iriarte eta Alberto Elosegik), nahiz eta isilean pasa lehiaketara arte: mendi eta paisaia onena, bilduma onena, Hernani gaia duen onena eta sinpatikoena. Bosgarren saria, berriz, ikusleek berek erabakiko dute gaur: sari herrikoia. Emanaldia arratsaldeko 19:30etan hasiko da. Zuza Himalayan eta Andeetan Asteazkenean Iñaki Zuzaren proiekzio emanaldia ikusteko aukera izan zen eta Biteriko areto nagusia lepo bete zen hernaniarrak Andeetan eta Himalayan izandako ibilien berri jakiteko. Lehenik Txileko Marmolejo gailurrera (6.109m) Marijo Arrietak eta Iñaki Zuzak egindako igoeraren proiekzioa jarri zuten. Horren ondoren ikusi ahal izan zen, Zuzak Himalayako Ama Dablam mendira egidako espedizio bati buruzko proiekzioa. Espedizioan saiatu ziren ohikoa ez den bide batetik igotzen, baina arriskua ikusirik betiko bidetik igo ziren azkenean. Azken tramoa ekipatu behar izan zuten gainera mendizaleek. Ikusleek galderak egiteko aukera izan zuten proiekzioak bukatutakoan eta horren ostean, egunero bezala, mendirako produktuak zozketatu zituen Mendiriz Mendik.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!