Euskara Elkarteak aurrera begira zer helburu jarri eta nola aurre egin eztabaidatuko dute bazkideek, azaroaren 19an eta 26an. Doberak foro bat jarri du interneten gainerako herritarrek eta beste sektoreek ere eztabaidan parte hartzeko.
Dobera Euskera Elkarteak etorkizuneko proiektuei buruzko gogoeta irekia egingo du hilabete honetan. Azaroaren 19an eta 26an hain zuzen ere, datozen bi larunbateetan. Eztabaida planteatzeko moduari ere garrantzia eman dio Doberak. Gogoeta ez da ponentzia jakin bat edo batzuen gainean joango. Euskera Elkarteak bazkide guztiak inplikatu nahi ditu prozesuan. Horretarako, metodologia da Doberak sorreratik burutu dituen proiektu eta lana aztertu, eta hortik abiatzea gerora begirako eztabaida.
Bazkideen ikuspuntua nabarmendu
Ez da tankera honetako gogoetak planteatzen diren lehenengo aldia. Proposamena azken batzarrean atera zen eta gogoeta orain badator ere, aurreko hilabetetan lan talde bat aritu da prozesu honen oinarriak eta metodologia zehazten. Lan taldeko kideetako bat Amaia Miner Doberako lehendakaria da. Minerren esanetan, planteamenduari buelta eman nahi izan zaio: «bazkide guztien iritziak berdin balio izatea bilatu dugu, eta horregatik erabaki dugu aldez aurretik eztabaida bideratu lezakeen txostenik ez aurkeztea, ez lan taldeak berak egindakorik eta ez bazkide jakinei eskatutakorik. Bazkideen ikuspuntua da nabarmendu nahi izan duguna. Azken batean, Dobera bazkideen elkartea da». Bazkideen ikuspuntua nabarmentzeko ahalegin horretan, Doberak 12 urteotan egindako egitasmoen memoria helarazi die bazkideei. Batetik, betiko bazkideei perspektiba osoa izaten lagunduko dielakoan, eta bestetik, bazkide berriek ibilbide osoaren berri izateko.
Egitasmoak eta baliabideak
Gogoeta prozesu honen barruan, eta etorkizunari buruz hitz egiteko garaian, Doberak zer baliabide dituen eta izan lezakeen ere kontuan izatekoa dela uste du Amaia Minerrek, eta bideragarritasunak ere presente egon beharko duela gogoetan.
Foroa eta elkarrizketak
Etorkizuneko lan ildoei buruzko gogoeta hau prestatzeko bidean, Doberak zenbait pauso eman ditu. Interneten foro bat jarri du martxan gaiaren berri eman eta jendearen ekarpenak biltzeko. Era berean, zenbait elkarrizketa ere egin ditu azken bolada honetan. Gogoetan, iritzi eta ekarpen horien berri emango du Doberak, eztabaidarako abiapuntu gisa.
Erabakiak eta proiektuak
batzarrera
Datozen bi asteburuetan egingo den gogoeta honetatik atera litezkeen helburuak eta proposamenak etorkizuneko egitasmoa egiteko baliagarri izango dira. Doberako lehendakariaren esanetan, gogoeta honek aterako duenaren zai dago zuzendaritza 2006ko egitasmoko proiektu berriak zehazteko. Urteko egitasmoa batzarrak erabakitzen du, eta beraz, datorren batzarrean itxiko litzateke zikloa.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!