ARRAUN taldea osatu nahian dabil lagun talde bat eta bilera deitu dute gaur arraunean hasi nahi dutenekin bildu eta martxan hasteko. Batez ere 1988 eta 1991 urteen artean jaiotako neska-mutilak ari dira bilatzen, kadete eta jubenil mailan taldeak ateratzeko, hala ere hasi nahi duten guztiak azaldu litezke. Momentuz 9 mutil, senior mailakoak, hasi dira entrenatzen. Bilera gaur arratsaldeko 18:00etan da, Ibarluze Poligonoan (Elorrabin) Arraun Elkarteak duen pabelloian.
Trainerilla eta batelekin hasi
Xabier Zabala eta Xabier Zapiain dira, Juango Etxarterekin batean, arraun taldea aurrera atera nahian dabiltzan lagunak. Xabier Zabala, donostiarra txikitatik arraunean aritutakoa da, Loiolako Ur-kirolaken eta iaz Zumaian. Bera izango da entrenamenduetaz arduratuko dena eta aipatutakoaren arabera aurreneko urte honetan asmoa da trainerilla eta batelekin hastea kategoria guztietan, izan ere trainerua martxan jartzeko diru asko behar da. Asmoa dute aurten batel eta trainerillekin hastea, eta behin kluba martxan dagoela, datorren denboraldia edo, trainera martxan jartzeko nahikoa baliabide biltzea.
Patrozinadore bila
Xabier Zabala da diru kontuekin dabilena eta dio enpresekin eta Udalarekin biltzen ari direla dirua bildu eta patrozinadoreak bilatzeko. Oraingoz ez dute inongo enpresaren baiezkorik jaso baina agendan badituzte zita batzuk oraindik eta badute esperantzarik. Udaletxearekin ere bildu dira eta jarrera baikorra erakutsi duela ere aipatu dute. ´Udaletxea eta herriko enpresak inplikatu nahi ditugu, arraun talde konpetitibo bat aurrera atera eta herria arraunarekin berriro ere ilusionatzeko adierazi dute` azaldu du.
Entrenamenduak
Entrenamenduei buruz Xabier Zabalak dio seniorretan aurreneko hilabetean astean 4 bat entrenamendu eginez hasiko direla eta gero astean egun bat jai eginez ariko dira. Kadete eta jubenilak aldiz lasaiago ibiliko dira, astean 4 aldiz entrenatuta. Asmoa da kategoria hauetan arraunerako ohitura sortzea eta ondo pasatzea, gero seniorretan aritzeko.
Arraunak Hernanin izan du tradiziorik
bATIS Larburuk ondo gogoratzen ditu arraunak Hernanin izandako urte oparoak. Arraunlari eta arraun taldeko zuzendaritzako kide izandakoak azaldutakoaren arabera Hernanik azkeneko trainerua 2002an izan zuen, mutil seniorretan. Ordutik neska seniorrek, bateletan, jarraitu izan dute entrenatzen baina haiek ere utzi zioten.
Batis Larburuk dioenez Hernaniko seniorren mutilen traineruak 1971 eta 1978 urteen artean izan zituzten urterik onenak. Urte horien artean 6 aldiz izan ziren Kontxako estropadetan eta 1974an aurreneko txandan sartu ziren, ohorezkoan, 4garren postua eginez. Kluba 1978an desegin zen. 1982an urte pare batez trainerillekin aritu ziren baina 1992ra arte ez zen berriro ere trainerurik izan. Bi traineru ere izan ziren 1994 urtean. 2002ra arte iraun zuen klubak garai hartan eta azpimarratzekoa da, baita ere, urte horietan mutil jubenilek eta neska seniorrek egindako lana.