IGELDOKO meteorologia behatokiak 100 urte bete ditu aurten. Behatoki hau izan zen Euskal Herrian lehenengoa eta 1905ean sortu zuten aita Orkolaga hernaniarraren ekimenez. Hala ere, Orkologak bazeramazkin hainbat urte meteorologia lanetan Igeldoko leku hartan, 1905ean ofizialki sortu baina lehenago.
Hernanitik Buenos Airesera
Orkolaga 1863an jaio zen Hernanin, urriaren 13an. Gazterik erakutsi zuen meteorologiarako zaletasuna eta 1879garren urterako egutegia osatu zuen. Osasunez delikatua izaki, bere osaba fraile batek deituta Argentinara joan zen Joan Miguel 15 urte inguru zituela, han sendatuko ote zen-edo. Buenos Airesko seminarioan ingresatu eta ikasi zuen urtebetez latina, frantsesa eta historia.
Baina bere osasunak ez zuen hobera egin eta berriro itzuli zen Euskal Herrira. Gasteizko seminarioan sartu zen ikasketak osatzeko eta 1888an egin zen apaiz.
Zarautzen bikario: lehen iragarpenak
Orkolaga Beizaman izan zen lehenengo eta hortik Hernanira itzuli zen berriro. Hemen, Juan Bautista parrokiako apaizari laguntzen aritu zen 2 urtez. Gero Zarautzera joan zen, bikario lanak egiteko eta han hasi zen ezagun egiten, meteorologiarako zaletasuna zela-eta.
Urte haietan itsas galerna ugari izan ziren, 1876koa kasu, bertan 500 arrantzale hil ziren. Hernaniarrak galerna hauek iragarri nahi zituen aldez aurretik eta horretarako behatoki txiki bat sortu zuen Zarauzko apaizetxean. 1901ean lehen iragarpen sonatua egin zuen Zumaiako Beobide apaizarekin batera: portu guztietara abisua pasa zuten esanez azaroaren 15ean ekaitzak gogor joko zuela kostaldea, eta hala izan zen. Bi apaizen abilezia egunkari guztietan azaldu zen. Orkolagaren iragarpenak gero eta ezagunago egin ziren prentsan. Ideia integristak zituen bikario honek eta horregatik La Constancia egunkari integristak bere alde egiten zuen, La Voz de Guipuzcoa-k aldiz, liberala izanagatik, apaizaren hutsegite guztiak nabarmentzen zituen, Padre borrascas deitzen zioten Orkolagari bere kontrakoek.
Orkolaga eta Igeldo
1902an jarri zuten Igeldon behin behineko behatoki meteorologikoa eta 3 urte geroago arte ez zen ofizialki inauguratu. Behatokia eraikitzeko prozesua luzea izan zen eta Orkolagak borroka asko egin behar izan zuen Gipuzkoa eta Bizkaiko Diputazioekin. Azkeneko honek, laguntza kendu zion. Dena den, 1905ean inauguratu zuten Igeldoko behatokia. Ordukoak dira Zarauztar batek hernaniar apaizari jarritako bertsoak:
Ernaniko semia / Zarautzen izana,
herriko bikario / zegoen pertsona,
anparo duelako / goiko juez ona,
Orkolagak badauka / abilaren sona,
zeinek ez du maiteko / orlako gizona.
Hernaniarrak hainbat aparatu asmatu zituen urte horietan, eguraldiaren ingurukoak: anemo-zinematografoa, anemo-copografoa, plubiometrografoa... Gaskuña eta Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteetako kide ere izan zen Orkolaga eta kontaktuak izan zituen meteorologo ezagun askorekin. 1909an Mexikora joan zen, hiri hartako iragarpen zerbitzuak antolatzeko.
Heriotzaren ondoren anaia Pedrok jarraitu
Juan Miguel Orkolaga 1914ean hil zen minbiziak jota, 50 urte besterik ez zituela, Igeldoko behatokian. Ondoren, bere anaiak, Pedro Orkolagak, hartu zuen Igeldoko behatokiaren ardura.
Orkolagaren omenez eskultura bat dago gaur egun Igeldoko behatoki ondoan eta bertako paseoak Orkolagaren izena du. Hernanin 1954an erabaki zen kaleari izena jartzea.
1912ko galerna
1912ko abuztuaren 12an, Igeldoko behatokiak abisatu zuen hamalau orduko aurrerapenarekin galerna arriskutsu bat izango zela kostaldean. Eguna eguzkitsua zen eta itsasontzi askok ez zioten kasurik egin. Gaueko 21:30ak aldera galernak hamarnaka itsasontzi irentsi zituen eta 143 arrantzale hil ziren bertan, gehienak Bermeokoak, baina baita Elantxobe eta Lekeitioko ba-tzuk ere.
Galerna hura sekulako tragedia izan zen kostako herri horientzat eta urte asko pasa eta gero oraindik gogoan zuten askok. Orkolagaren iragarpenari kasu eginez Gipuzkoako arrantzale gehienak lehorrean geratu ziren eta horrek salbatu zituen seguruenik. Adituek Orkologaren lana goraipatu zuten.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!