KABUKIK, Patxi Urrestarazu Aizpuruak, diseinatutako 5 beroki ikusteko aukera izango da larunbatean Martuteneko Artelekun. Berokiak ‘Mid_e’ Donostia izeneko erakusketaren barruan ikusiko dira, Kabukiren lanak eta beste sortzaileen lanak ere bai: DJak eta musika sortzaileak, moda diseinatzaile independienteak eta ordenagailu bidez egindako irudi sortzaileak. Kabukik antolatzaileek gonbidatuta hartuko du parte erakusketan eta Euskal Herriko sortzaileez gain nazioartekoak ere izango dira bertan.
‘Mid_e’ Donostia erakusketa ostegunetik larunbatera izango da eta Artelekuz gain beste gune batzuk ere izango ditu: Koldo Mitxelena, CICC Tabacalera eta Bataplan.
Estilo futurista eta klasikoa
Kabukiren hitzetan, larunbatean erakutsiko dituen ´5 berokietatik batek diseinu klasikoa du eta gainerantzekoak inspiratuta daude XX. mende hasierako japoniar eta sobietar armadetako gudariek eramaten zituzten berokietan`.
Bere lanek estilo futurista, moderno eta urbanoa dutela azaldu du Kabukik eta eraginen artean aipatu ditu: Hugo Pratt eta Vilal komikigileak. Antolatzaileek Kabukiren diseinuak Pierre Cardin eta André Courrèges diseinatzaileen hasierako lanen estiloekin lotu dituzte. Hala ere bere lanek klasikotik ere badutela zerbait azaldu du Kabukik: ´beroki hauek ez daude negu bakar baterako pentsatuta, bizi osorako berokiak dira`. Honekin lotuta Kabukik azaldu du bere diseinuetan kalidadea oso garrantzitsua dela: ´Xauengo (Maroko) Larbi izeneko gizon ehungile batek egindako oihalak dira erabili ditudanak, Rifeko emakume berebereek harilkatuak`.
Berokien korteari buruz dio ez duela apaingarririk erabiltzen, izan ere ´berokiaren kortea bera da apaingarria`. Berokiak gizonezkoek nahiz emakumezkoek berdin janzteko modukoak dira.
‘Ez da desfilea izango,
erakusketa baizik’
Larunbat gauekoa ez da moda desfilea izango, erakusketa da egingo dutena. Hasieran Kabukirentzako propio sortutako bertso bat kantatuko dute eta segidan, musika eta irudiz lagunduta, 5 modelo ikusi ahal izango dira egoera ezberdinetan hernaniar diseinatzailearen berokiekin.
Kabukiren adierazpena:
´Inposatzen digute nola jantzi, zer kolore eta oihal eraman...
Baita bizitzan nola jokatu ere.
Moda ustezko edertasun baten tirania bilakatu da.
Nik ez dut moda diseinatzen, jantziak egiten ditut. Bat
egiteko eskatzen didanari ez
diot esaten zer oinetakorekin
edo zer orrazkeraz eraman behar duen. Jantzia diseinatzen laguntzeko eskatzen diot`.