Etxeetan zaborra gutxitzeko gida banatuko dute eta bigarren eskuko produktuen merkatua jarriko dute abenduaren 3an Hernanin.
SAN Markos Mankomunitatea zaborra gutxitzearen aldeko kanpaina jarri du martxan, atzo prentsaurrean azaldu zuenez. Kanpainaren xehetasunak azaltzen izan ziren: Fermin Lorza Iragorri, San Markos Mankomunitateko Lehendakaria; Iñaki Castillo Arriola, San Markos Mankomunitateko Zuzendari-Gerentea eta Elena Egurrola Albeniz, San Markoseko Ingurumen Teknikaria.
Azaldu zuten hondakinen arazoari sustraitik eutsi nahi diotela eta horregatik zabor gutxiago sortzera bideratu dutela kanpaina hau. Kanpaina honen barruan buzoneatuko dute etxeko zaborra gutxitzeko gida bat eta herrietan azokak jarriko dituzte, bigarren eskuko merkatuak. Hernanin abenduaren 3an jarriko dute.
Kanpainak 132.500 euroko aurrekontua izan du eta Diputazioaren laguntza ere jaso du.
Zaborra murrizteko gida
San Markos Mankomunitatea osatzen duten 10 herrietan zaborra gutxitzeko gida banatuko dute.
-Zaborra gutxitzeko gomendioak azaltzen dira gidan: ontzi familiarretan produktuak erostea ontzi indibidualetan erosi beharrean; produktuak suelto erostea ontzietan erosi beharrean eta produktu kontzentratuak erostea, besteak beste.
-Produktuak berrerabiltzearekin lotuta gomendio hauek ematen dira adibidez: kolorea galdutako arropa eta zapatak tintatu, merienda tuperretan ateratzea kalera, kristalezko ontziak eta tapa duten brikak beste gauzak sartzeko erabiltzea, eta abar.
-Produktu toxikoak ez erosteko gomendioak aurkitu daitezke baita ere gidan. Proposatzen dute garbiketa produktuak naturalagoak diren produktuekin ordezkatzea: limoia, ozpina, patata eta abar.
-Propagandarik ez jasotzeko gutxiago jasotzeko ere eskura jarri ditu San Markosek hainbat pegatina. Telefono bat jarri du eskura: 943 67 06 37. Gomendatzen dute portalean propaganda jasotzeko postontzi haundi bat jartzea.
-Konpostatzeari buruzko aipamena egiten du gidak baita ere. Zabor organikoa bildu eta ontzi berezi batean sartuta, ongarri bezala erabili baitaiteke. Horretarako konposta egiteko 700 ontzi jarri dituzte dohain. Telefono hau jarri dute eskura: 943 67 02 49.
-Gauzak konpontzen dituzten establezimenduen zerrenda eta bigarren eskuko produktuak saltzen dituzten denden zerrenda ere aurki daiteke gidan.
-Birziklatzeari buruzko hainbat azalpen ematen dira bukatzeko.
Bigarren eskuko merkatua
Kanpaina honen bigarren zutarria da herriz herri egingo den bigarren eskuko merkatua. Hernanin abenduaren 3an izango da, goizetik hasi eta eguerdira arte Gudarien plazan. Bertan parte hartuko dute: elkarteek, erakunde eta dendek, berrerabiltzearekin zer ikusia dutenak; baita ere herriko dendek, elkarteek eta ikastetxeek, eta nahi izanez gero partikularrek ere bai.
Merkatu horretan erosi ahal izateko 12 euroko erosketen bonoak zozketatuko dira herritarren artean.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!