Igone Etxeberria neuropsikologoak dio zaintzaileek (alabak eta errainak, gehienetan) garbi izan behar dutela alzheimerra duen pertsona zaintzea ez dela bakarrik egiteko lana. Hernanin laguntza taldea sortzea beharrezko ikusten du.
Igone Etxeberria hernaniarrak urte asko daramazki alzheimerraren inguruan lanean eta ikerketan. Formazioz neurosikologoa da eta sei urte egin zituen Afagi elkartean. Gaur egunean, Matia Fundazioan ari da.
Zer da, zehazki, alzheimerra?
Gaixotasun neuropsikologiko degeneratiboa da. Ez dakigu zergatik, baina, neuronen arteko loturak huts egiten hasten dira. Badaude tratamenduak, baina, gaitzak ez du sendabiderik.
Zeintzuk dira alzheimerraren aurreneko sintomak?
Memoria arazoak dira normalean: giltzak ahaztea, gauzak bere lekuan ez uztea, hizketan hasi eta nahi duenik ez esatea... Baina, ez da memoria galtzea bakarrik. Alzheimerra duen pertsonari jokabidea ere aldatu egiten zaio. Lehen normalean egiten ez zituen gauzak egiten hasten da edo joera arraroak izaten ditu: ordenatua dena desordenatu bihurtzen hasten da, lagunartea gustuko izan eta kalera atera nahi ezik jartzen da, bere buruari asko kontu egiten ziona geroz eta utziagoa bihurtu....
Alzheimerra diagnostikatzean, gaixoari zer informazio ematen zaio?
EEBBetan zuzenean gaixoari esaten zaio: zuk alzheimerra daukazu. Hemen normalean familiari esaten zaio, eta familiak erabakitzen du gaixoari esan edo ez. Batzuk esan egiten diote, baina, gehienek, ez. Guk gaixoari esaten dioguna da memoria arazo bat duela eta tratamendu bat jarriko diogula.
Zure esperientzia profesionaletik, komeni al da gaixoari zer duen garbi esatea?
Ni pertsonalki, ez naiz esatearen aldekoa. Zer duen jakiteak ez dio laguntzen bere jokabidea egokiagoa izaten, ez da minbizia duzula esatea edo ez bezala.
Zer tratamendu daude eta zein da onena gaixoarentzat?
Bi tratamendu mota daude, eta elkarren osagarri dira: batetik, medikamentu bidez laguntzen zaio, eta bestetik psiko-estimulazio bidez. Psiko-estimulazioaren bidez egiten dena da galtzen ari den fakultateak landu, eta horrekin batera oraindik ondo dituenak ere bai. Azterketa batek erakutsi du lagundu egiten duela. Hala ere, gaurkoz tratamenduek ez dute gaitza gelditzen.
Eta zaintzailearen aldetik, nola egin behar zaio aurre?
Etxeko bati alzheimerra diagnostikatu eta pertsona hori zaindu behar duenak argi eduki behar du ez dela bakarrik egiteko lana. Bestetik, kulpa sentimendu haundia izaten da kanpoko zerbitzuetara jotzeko, eta horrek ere ez du laguntzen. Alzheimer kasu baten aurrean, egin beharrekoa da familia bildu, ikusi zer errekurtso dauden eskura (ekonomikoak zein humanoak) eta horren gainean antolatu: txandak nola, zenbatero... Batzuk uste dute gaixoarekin zenbat eta denbora gehiago egon, hobe dela. Eta hori ez da horrela. Azkenean, zaintzailea erre egiten da, eta gaixoak nozitzen du hori. Azken batean, jabetu behar dugu, luzera, familiarentzat ona dena gaixoarentzat ere ona dela.
Herrietan dauden laguntza taldeak ere oso interesgarriak dira. Babesaz gain, informazioa, formazioa eta besteen esperientzietatik ikasteko bidea da.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!