«Zuzeneko taldea gara, dantzarako musika eta antzerkia nahasten ditugu jendea berotzeko»

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 4a, 02:00

ITALIAR mafiosoz mozorrotuta dator The Solanos, Xabier Solanoren taldea. Udara kontzertuz kontzertu pasa ondoren diskoa kaleratu dute duela aste bete. Nahiz eta proiektu askotan ibilitako musikaria izan ilusio haundiz dagoela dio Solanok ´aurrenekoa izango balitz bezala`. Beraiena zuzeneko taldea dela dio Solanok, dantzarako musika eta antzerkia ere egiten baitituzte jendea berotzeko. Ikusi nahi dituenak gaur gauean du aukera, Leitzako Torrea tabernan.

Nolatan hartu duzue italiar mafiosoen itxura? The Solanos ez da musika bakarrik antzerki pixka bat ere egiten dugu. El Padrino pelikula eta Los Sopranos telesaileko mafiosoen itxura hartu dugu, baina euskaldun erara. Pistola eta trajeak soinean ditugula egiten ditugu kontzertuak. Asmoa da jendea berotzea. Kontzertua bera El Padrino pelikulako musikarekin hasten dugu. Ze estilotako musika da jotzen duzuena eta disko honetan grabatu duzuena? Denetarik jotzen dugu, beti ere dantzatzeko moduko abestiak: rock garajeroa, The Clash taldearen estiloko abesti bat, balada bat, Kortatu taldearen bertsio bat, tango bat, arin-arina, fandangoa eta Pulp Fiction pelikulako abesti baten bertsioa, besteak beste. Nola sortu zen taldea egiteko ideia? Proiektua 2004ko abuztuan gauzatu zen, Fermin Muguruza eta Kontrabandak eskaini zuen azkeneko kontzertuan, Bilbon. Ferminekin genbiltzan bi musikari, Oskar Benas eta biok, hasi ginen eta gero gainontzeko musikariak batu zitzaizkigun: Sergio Ordoñez, Joxe Ripiaun aritutakoa; Aitor Saizar, 4 Itzal, Etzakit eta Fermin Muguruzarekin ibilitakoa eta Egoitz Iñurrita Drogas, Izeba Pilarren ilobak taldekoa. Izenak ere aldatu dituzue ezta? Bai. Sergiok (perkusioa eta koroak) Il Patre Saizzarelli izena hartu du. Drogasek (baxua eta koroak) Egoiccinni ´Drogatta` izena du taldean. Oskarrek (gitarra eta koroak) Al Parccino Benasetti du izena orain eta nik (ahotsak eta trikitixa) Sabiatto Solano. Letrek ere mafiarekin zer ikusia al dute? Diskoaren aurreneko abestitik azkenekora gidoi bat dago. Siziliatik Bilbora iritsi eta kotxean gorpu bat daramagula goaz Polloe kanposantora. Atzetik polizia dugu segika. Diskoko kanta guztiak halako kontakizun txikiak dira, bata bestearekin lotuak. Nondik barrena aritu zarete kontzertuak ematen? Aurreneko kontzertua Hernaniko Haida tabernan eman genuen. Hortik aurrera herriz herri ibili gara. Euskal Herritik kanpora Zaragozan eman genuen kontzertua. Asmoa dugu Japon, Roma eta Berlinen jotzea eta abenduan Cuenca, Madrid eta Bartzelonan joko dugu. Hernanin abenduaren 23an izango gara, Haidan berriro ere. Nolako harrera izan duzue? Harrera ona izan da, jendea animatu egin da. Batez ere tabernetan jotzen dugu, giro horretan errazagoa baita jendea mugitzea. Behin baino gehiagotan bat-batean ekipoarekin azaldu eta kontzertuak eman izan ditugu tabernetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!