«Alzheimerrak afektatuta zenbat jende gauden jakin beharra daukagu, eta elkar lagundu»

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 6a, 02:00

Jose Mari Gonzalezek emaztea du alzheimerrekin. Bere helburua da egoera horretan dauden hernaniarrak biltzea, elkarri laguntzeko. Aurrera begira, buruko eritasunak dituztenentzat gune berezi bat jartzea du amets.

Alzheimerrak gaixotasuna daukan pertsonari ez ezik familiari ere bete-betean eragiten dio eta oso ondo antolatu ezean, sufrimendua oraindik eta haundiago izan liteke. Ez dakigu Hernanin zenbat pertsona dauden alzheimerrak gaixotuta (Lasarten 200 kasu zeuden orain dela gutxi eta Hernanin adinatsu jende bizi da). Egoera hori etxean tokatu zaionetako bat Jose Mari Gonzalez da. Orain dela urte batzuk emazteari alzheimerra diagnostikatu zioten. Aitortu du hasieran mundua erori zitzaiola, eta hondoratu egin zela erabat. Piskana eta kostata, baina, lortu du egoerari buelta ematea baten eta bestearen laguntza eta animuei esker. Laguntza psikologikoa behar izan du, eta dio gogorrena ere azkenerako erori egiten dela. Gaur egunean, emaztea etxean edo eguneko zentroan izaten du eta etxean berak zaintzen du. Asteburuetan ahal den gehiena atera-tzen dira biak kanpora: paseatu, han edo hemen jan... Fakultateei eusteko estimulazio ariketak ere egiten ditu, eta Jose Mariren esanetan, mesede egiten die. Alzheimerrak afektatutakoak biltzen dituen Afagi Elkarteko kidea da Jose Mari Gonzalez. Azken urteetan zenbait bazkari antolatu izan ditu Hernanin, Gipuzkoa osoko jendearentzat. Jendea biltzen da, baina, hernaniarrak gutxi. Uste du oraindik badagoela alzheimerra ezkutatzeko joera. Bere kasua publiko egin du, jende gehiagok ere pauso bera eman eta elkarri laguntzeko. «Oso gogorra da» Jose Marik detaile guztiekin kontatu digu emaztearen prozesua: «hasieran giltzak ahaztea da, gero bankuko txartelaren klabea ahaztea, erantzun arraroren bat, normalean baino jan gehiago erostea.... ez duzu pentsatu ere egiten emaztea gaixo daukazunik, eta ezta pentsatu nahi ere. Neri asko kosta zitzaidan onartzea, eta hori da egin behar ez dena. Behin gaixo dagoela onartu duzunean, orduan, beste era batera ulertzen duzu bere jokabidea». Bere esperientziak erakutsi dionari begiratuta, iruditzen zaio alzheimerra hasi berri duenarentzat ere hasierako fase hori dela gogorrena: «Argitu aldietan, konturatu egiten dira zer egin duten eta zuri ukatu egingo dizute ezer dutenik, baina, bakarren bati kontatu egingo dio halako eta halako egin duela. Hor, urtebete edo bitan, asko sofritzen dute. Gero, zentzua galtzean, medikuek diote ez dutela sufritzen. Ez dakit», dio Jose Mari Gonzalezek. Kulpa sentimendua Kulpa sentimendua oso presente dago alzheimerraren inguruan, eta min haundia egin diezaioke zaintzaileari. Familiako bat egoera horretan dagoela, aukera bat izan liteke pertsona hori eguneko zentrora eramatea (lekurik balego) edo kanpoko zaintzailea hartzea. Jose Mari Gonzalezek aitortu du kulpa sentimenduak min haundia egin ziola: «Barruak esaten dizu abandonatu egiten duzula eta oso gogorra da hori. Egoera berean zegoen jendeak, ordea, behin eta berriz esaten zidaten horrelako zerbitzuren bat baliatzeko eta nere artean nioen ´denak ez dira ba oker egongo`. Eta uste dut erabaki zuzena dela. Horregatik nere ametsa da leku bat izatea herrian, eguneko zerbitzuaz gain, alzheimerra edo buruko beste eritasunak dituzten pertsonak ondo atendituta egon litezkeena. Ez jendeak kapritxora utzi eta nahi duenean jasotzeko, ez, hori ez. Denbora hori benetan behar duen jendeari zerbitzua eskaintzeko. Baina, horretarako jakin egin behar da Hernanin zer errealitate dagoen, eta jendeak egoki ikusten duen horrelako leku bat izatea».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!