Hernanirako zenbait proiektu Diputazioko 2006ko aurrekontuetan

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 3a, 02:00

Larunbatean aurkeztu zuten Batzar Nagusietan datorren urteko aurrekontua. Urumeako autobideko Hernani-Martutene zatia eta zaharren egoitza egokitzea biltzen ditu.

Joan den larunbatean aurkeztu zuten Batzar Nagusietan Foru Aldundiko 2006ko aurrekontu proiektua eta 739.7788.901 euro kudeatzea aurrikusten du, aurten baino 73 miloi euro gehiago. Proiektuaren barruan badira Hernanirako bereziki aurrikusitako diru partidak, zerbitzu orokorren barruan Hernaniri dagozkienaz aparte. Proiektuetako bat Urumeako autobidekoa izango da, 2006an aurrikusten baitute falta diren zatiak egiten hastea. Hernani-Martutene zatia Foru Aldundiak 349 miloi euro inbertituko ditu 2006an Gipuzkoako bide sarean. Urumeako autobidean 58,6 miloi euro inbertituko ditu eta hauetatik 23,1 miloi euro Hernani-Martutene zatia egiteko izango dira. Martutene-Donostia, Urnietako Saihesbidea eta Andoaingo Saihesbidea dira Urumeako autobidean egitea aurrikusten diren beste zatiak. Donostiako 2garren saihesbidea Donostiako 2garren Saihesbideko obrak ere 2006an hasiko ditu Diputazioak aurrekontu proiektuak biltzen duenez, eta 45 miloi euro ditu horretara bideratzeko. Saihesbide hau hiriburuaren kanpotik joango den ordaindu beharreko bidea izango da: Oiartzundik abiatu eta Astigarraga, Hernani eta Lasarte Oria pasako ditu Aritzetara arte. Horrez gain, Oiartzundik Urumeako autobiderako lotura ere izango du etorkizunean. Zaharren Egoitza berritzea Aurrekontuak Gizarte Politikako, inbertsio eta gizarte lankidetza planean zaharren egoitzak egokitzeko diru laguntzak biltzen ditu. Hernaniko Zaharren egoitzari diru laguntza ematea aurrikusia dago, Andoain, Eibar, Tolosa, Errenteria, Oñati, Azpeitia, Arrasate, Donostia eta Legazpikoei bezalaxe, eta badira laguntzak zaharren egoitza berriak edo eguneko zentro berriak irekitzeko ere. Bide gorriak, fusilatuei oroigarria... Gipuzkoa Berdea jardueraren barruan badira zenbait programa Diputazioak diruz lagunduko dituenak. Horietako bat Hernani eta Urnieta elkartuko dituen bidegorria da, trenbidearen ondoan joango dena. Tolosa-Alegia, Ikaztegieta-Ordizia eta Oiartzungo Arditurriko bidegorriak egitea ere aurrikusten du, 2006ko aurrekontu proiektuak. Hernaniri dagokion beste proiektu bat 1936an fusilatutakoei hilerrian egingo zaien monumentua izango da eta Diputazioak diruz laguntzea aurrikusi du, Gipuzkoa Giza Eskubideak 2006 sariaren barruan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!