Argazki Rallyko erakusketak emango dio hasiera azaroko kultur eskaintzari

Kronika - Erredakzioa 2005ko aza. 1a, 02:00

Datorren ostegunetik hilaren 16ra egongo da erakusketa Biterin. Mendizale Astea eta Antzerki Zikloa ere azaroan izango dira.

Hernaniko Udaleko kultura batzordeak hilabetero ematen du herriko kultur ekintzen berri eta azaroa ekitaldiz gainezka izango dugu. Mendizale Astea eta Antzerki Zikloa izango dira bi zutabe, baina, ekitaldi gehiago ere bada: hasiera emateko etzi, osteguna, Vgarren argazki rallyko erakusketa jarriko dute Biterin hilaren 16ra arte eta aurtengo sariak bertan banatuko dira. Santa Zezilia kontzertua hilaren 19an izango da Kantuz, Txistulariak, Metal Boskotea eta Kriskitiñaren eskutik. Horrez gain, Musika Eskolako ikasleen eta Bandaren kontzertua, erakusketak eta Hernani 2005 urtekariaren aurkezpenak ere azaroan izango dira, beste zenbait ekitaldirekin batean.
Mendizale Astean diapositiba emanaldiak Datorren astelehenean hasiko dira Biteri kultur etxean Mendizale Asteko diapositiba emanaldiak, Aitor Arozena irundarrak bizikletaz egindako bidaiaren irudiekin: Pirineoetatik Alpeetara. Asteartean, hilak 8, Arabako parke naturalei buruzko emanaldia eskainiko du Patxi Sanchez Dehesak. Hilaren 9an, Ama Dabhlan eta Marmolejo mendiei buruzko diapositibak eta azalpenak emango ditu Iñaki Zuzak eta Azaroaren 10ean, GT2 eta Patagoniari buruzko emanaldiak izango dira. Urteroko diapositiba lehiaketako sari banaketa, berriz, azaroaren 12an izango da, ostiralarekin. Horrez gain, Bazkide eguna, umeen eguna eta mendiko kiroletako entrenamenduei buruzko ikastaroa ere izango dira.
Hiru antzezlan, antzerki zikloan Neska Politak Artasoro Alaiak (Azaroaren 16an): Agerre Teatroaren azken lana da hau, Maite Agirrek idatzi eta zuzendua. Barazkiak saltzen dituen baserritar baten eta saltzaile afrikar baten arteko harremana kontatzen du antzezlanak. Inmigrazioa eta gaur egun bizi ditugun aldaketa haundiak dira antzezlanaren muina. ¡Ay Manolo! (Azaroaren 17an): Teresa Calok idatzi eta Eneko Olasagastik zuzendutako lana da, La Tentación-Peineta teatroren eskutik datorrena. Apartamentu bat berritzen ari diren bi igeltseroren arteko elkarrizketa filosofikoa kontatzen du antzezlanak umorez. 4 de Corazones / 4 bihotz (Azaroaren 18an): Emakume batek bihotz bat uzten du, hautsia seguruenera, zakarrontzi batean. Kale garbitzaile batek orriak jasotzen ditu eta maiteminduek loreak eta maitasuna ematen dizkiote elkarri. Hauxe da Markeliñe taldeak egin eta zuzentzen duen antzezlanaren hasiera. Maitasun zailak azaldu nahi ditu antzezlanak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!