eSPAINIAKO Auzitegi Nazionalak jarri du 18/98ko sumario nagusiko epaiketaren fetxa. Azaroaren 21ean izango da eta tartean hiru hernaniar daude: Elena Beloki, Iñigo Elkoro eta Iñaki Zapiain.
Elena Beloki eta Iñigo Elkoro Xaki auzian sartuta daude. Aurrenekoarentzat 15 urteko kartzela zigorra eskatzen dute eta bigarrenarentzat 12 urtekoa. Bestetik, Iñaki Zapiain Egin auzian dago sartuta eta 16 urteko kartzela eskatzen dute berarentzat. ETAko kide izateagatik edo honi laguntza emateagatik akusatuta epaituko dituzte. Guztira 9 dira sumario honen barruan inputatuta dauden hernaniarrak.
‘Ekimenekin jarraitu
eta indarrak bildu’
18/98 + lan taldetik egindako aurreneko balorazioan ´Hernanin Kaiera egitasmoak izan duen harrera` oso positibotzat jo dute eta diote txalotzekoa dela herriko talde, eragile eta norbanakoen parte hartze aktiboa. Guztira 400 ekarpenetik gora egin dituzte hernaniarrek Kaiera koadernoan eta eskerrak eman nahi dizkiete ekitaldia antolatzen lagundu duten guztiei: ´bolondres, sukaldari eta sagardogileei` azaldu dute.
Epaiketaren fetxa jarrita dagoela eta, lan taldeak adierazi du ´ekimenekin jarraitu eta indarrak biltzea beharrezkoa` dela. Gogorarazi dute, Kaiera egitasmoaren barruan, azaroaren 12an Durangon Eskubide Zibil eta Politikoen aldeko Eguna antolatu dutela eta herritar guztiak animatu nahi dituzte bertan parte hartzeko. Bazkarirako txartelak Garinen daude salgai.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!