Segik gaur Iruñean izango den kalejira nazionalera joateko deia egin du

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 29a, 03:00

Hernanitik autobusa antolatu dute eta arratsaldeko 16:30etan aterako da Atsegindegitik. Izen ematea Garinen egin behar da.

HERNANIKO Segik, prentsa ohar baten bidez, gaur Iruñean izango den kalejira nazionalera joateko deia egin du. Kalejira nazionalaren lema da Borrokan aske biziz, independen-tzia! eta jakinarazi dutenez autobusa antolatu dute Hernanitik bertara joateko. Autobuserako zerrenda Garin tabernan dago eta Hernanitik ateratzeko zita arratsaldeko 16:30etan egin dute, Atsegindegitik. ‘Aldaketa independentziarantz joateko indarra’ Hernaniko Segik adierazi du Euskal Herri osoan aldaketaren premia ikusten dela, eztabaida politikoan, eta gazteak aldaketa hori independentziarantz joateko indarra direla azaldu dute. Segik dio ´PNVk Espainiari lo-tzen gaituen estatutuari eutsi nahi` diola eta Segiren ustez ´hori berriro ere iruzurra da`. Horrekin batera Segik dio Espainiak eta Frantziak gerra egiten jarraitzen dutela. Horren adibide jarri ditu Euro aginduak, kontrol sozial eta polizialerako neurri berriak, tortura, gazteen atxiloketak, legez kanpora-tzeak eta Imanol Gomezen heriotza, ´urte luzeetako gazte heriotza kate baten azken muturra` azaldu du Segik. Bukatzeko Segik dio ´ofentsiba kapitalistak gogor kolpatzen` dituela gazteon bizi-baldintzak. Prekarietatea, etxebizitzen prezioak, kontsumismoa, droga sarrera masiboa, sexu erasoak, komunikabideen intoxikazioa eta publizitate sexista eta kontsumitzailea, aipatu ditu bide honetan.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!