‘Hernani eta Sagardoa’ hezkuntza programa aurkeztu zuten atzo, Artelatzeko ordezkariak, Hezkuntza Zinegotziak eta Alkateak.
HERNANI eta sagardoa hezkuntza programa aurkeztu zuten atzo Udaletxean, Joxan Rekondo Alkateak; Txema Mercado, Hezkuntza Zinegotziak eta Juan Unzueta, Artelatzeko ordezkariak. Lehenengo aldia da Hernanin horrelako egitasmo bat martxan jartzen dela ikastetxeetan eta parte hartuko dute DBHko aurreneko bi mailetako 300 bat ikasle inguruk.
Joxan Rekondo Alkateak adierazi zuen egitasmo honen helburu nagusia dela hemengo sagarra eta sagardoaren kulturaz jabetzea hernaniarrak, DBHko ikasleen bidez. Egitasmo honen bidez ikasleek sagarra eta sagardoaren kultura aztertuko dute alde ezberdinetatik. Esate baterako, orain sagardotegietan zizarra kupeletara sartzen ari direla aprobetxatuta prozesu hori ezagutzeko aukera izango dute.
Artelatzek sortutako
ikas materiala
Sagardoa eta Hernani programa eta bertako ikas materiala Artelatzek sortu du, ingurugiro zerbitzuetako kooperatibak. Txema Mercadok azpimarratu zuen Hernanik ingururako bereziki sortutako materiala dela. Saiatu dira sagardoren kulturaren alderdi ezberdinak programa honen barruan sartzen, diziplina ezberdinak uztartuz: historia, sagarrak eta sagardoak ekonomian duen garrantzia, hizkuntza eta etnografian izan duen eragina, ingurumena, eta baita alkoholaren okerreko kontsumoaren prebentzioa eta zibismoarekin zer ikusia duen atala ere.
Sagarra eta sagardoarekin zer ikusia duten gai hauek 3 ardatzetan banatu dituzte. Batetik kontzeptu guztiak biltzen dituen ikas materiala aztertuko dute. Bestetik sagardogileen instalazioetara irteerak egingo dituzte eta Langile ikastolak duen sagastian ere ariko dira lanean. Azkenik herrian sagardoaren inguruan egiten den festan ere hartuko dute parte ikasleek.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!