Barruan altzariak berritu dituzte eta lurra akutxilatu eta argizaria eman diote. Orain kanpoko terrenoa txukunduko dute, akzesibilidadea hobetu eta bolatokia jarri.
GOIZ Eguzki zentro soziala berritzeko obra aurrera doa, duela gutxi zentroaren kanpoaldea berritu dute, sarrera txukundu, fatxada pintatu eta emergentzia irteera lekuz aldatuta. Hurrengo urratsa izan da barrualdea berritzea eta duela hilabete eta erdi bukatu dute obra horrekin. Barrualdean egin dutena izan da batez ere, zentroko egurrezko lurrean zera ematea, paretak pintatzea eta altzariak berritzea. Orain arte egindako obra horrek 240.000 euroko kostua izan du eta Ongintza Patronatuak ordaindu du.
Gaur egun Goiz Eguzkik 2.600 bazkide ditu eta egunero 350 bat pertsona biltzen dira bertan. Jende gehiena asteburuetan joaten da, igandeko baileetara, 500 pertsona inguru.
Aktibitate ezberdinak
egiteko aukera
Manolo Fernandez, Goiz Eguzki zentro sozialeko lehendakaria, pozik dago zentroan egindako berrikuntzekin, eta atzo prentsa aurrean azaldu zituen Goiz Eguzkin egindako berrikuntzak. Jubilatu Etxe guztiko egurrezko lurrean argizaria eman dute eta pareta guztiak ere pintatu dituzte: beheko pisuko jangela, eta bi aretoetan; goiko pisuko areto, ileapaindegi, ordenagailu gela, fisioterapia-pedikura gela, bulego eta sukaldean. Bulegorako inpresora eta fotokopiadora berria erosi dituzte eta goiko aretoan jartzeko telebista panoramiko berria ere bai.
Asmoa da, lehendakariak azaldutakoaren arabera, goiko aretoa ikuskizun txikiak egiteko erabiltzea eta telebista berria dagoela aprobetxatuz dokumentalak eta egindako bidaien irudiak jartzea. ´Saiatu nahi dugu zentroa ekintzez betetzea, egun guztia barruan sartuta kartetan jolasten egon gabe` adierazi du lehendakariak.
Kanpoko terrenoa txukundu eta bolatokia jarri
Hurrengo urratsa izango da kanpoan duten terrenoa txukuntzea. Goiz Eguzki behe aldean geratzen den eremurako akzesibilidadea hobetuko dute eta bertan bolatokia jarri. 2007ko aurrekontuetarako bolatoki estalia (reglamentarioa) jartzeko partida bat gordetzeko asmoa ere ba omen dago. Horrez gain, lehendakariak azaldu duenez, gustatuko litzaieke bolatoki ondoan leku bat txukuntzea eguraldi ona egiten duenean mahaiekin kanpoan egon ahal izateko.
Bolatoki berria jarriko duten eremu hori plataforma batek eusten du eta azpian espazio batzuk izan dira orain artean. Zati hori botako dute eta malda bat egingo dute ondoan dagoen basoraino. Basoa bera ere txukundu egingo dute.
Obra honen aurrekontua da 220.000 eurokoa eta Ongintza Patronatuak eta Udalak ordainduko dute. Asmoa dute urte honen bukaeran ez bada, datorren urte hasieran hastea obrekin eta 8 bat hilabetetan bukatzea.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!