Zarataren prebentzioa

Kronika - Erredakzioa 2005ko urr. 25a, 03:00

Laneko gorreria ez zen ohikoa duela 150 urte. Garai hartan arotz, hargin eta artilleroen gaitza zen. Egun, ordea, epidemia bailitzan hedatu da industria alorretako langileen artean: eraikuntzan, zerbitzuetan, ostalaritzan, eskola jantokietan... Gor gelditzeko mehatxua dugu, baita nerbio alterazioak, endokrinoak, direla-eta gaixotzeko arriskua ere, jantzien modari belarri-babeslea erantsi zaion arren. Zarataren ondorioz langileak ez dira hiltzen, baina entzumena galtzeak dakartzan ondorioak latzak dira -lagunartetik isolatua gelditzea, bizi kalitatea galtzea. Euskadiko Langile Komisioek egindako ikerketa baten arabera, euskal langileen %40k entzumen galerak ditu belarri batean edo bietan. Horietako askok, gainera, zaratak eragindako akufeno desatseginak jasaten dituzte. Siderurgia, papergintza, egur, harrobi, metal-eraikuntza alorretako enpresa batzuetan, langile taldearen %60tik gora du hipoakusia. Langile horiek 10 edo 15 urte ematen dituzte zarataren eraginpean, eta enpresek ez dute jatorrizko zarata murrizteko inolako planik eratzen. CCOOren ondorioa da ezinezkoa dela laneko zarata biziaren prebentzioa bultzatzea, ez badira lehenago sortzen dituen kalte eta gaixotasunak aintzat hartzen. Oraingoz, gure kulturan onartu egiten da, eta `garapen jasanezinaren` izenean ordaindu beharreko faktura dugu. Sindikatuak urtetan kanpainak burutu ditu milaka hipoakusiak aitortu eta aztertu daitezen (Europako Agentziak jarduera hori aurrez hautatu du 2005eko Jardunbide Egokien Sarirako). Kanpaina horien ondorioz, Gizarte Segurantzak milioika euro ordaintzea lortu da, entzumen galerengatik emandako kalte-ordain moduan. Gure helburu sindikala oso argia da: hipoakusiak aitortzea, eta domino katea eragitea. Hau da, audiometria egin ondoren langileak entzumen galeraz jabetzen dira, eta ondorioz kalte-ordaina jasotzen dute. Hala gora egingo dute laneko gaixotasunen estatistikek. Gizarte Segurantzak ordaindutako diruaren aurrean erantzutea nahi dugu, mutua eta enpresen gain uztea kalte-ordainen ordainketa, eta jatorrizko prebentzioaren alde lan egitea, entzumenaren derrigorrezko babesa ezartzea eta langileek nekagarritasun horren aurrean inbertsioak exijitzea. 2006ko otsailaren 15ean indarrean jarri zen europar zuzentarauaren arabera, enpresak behartuta daude langileen zarataren eragina 87 dBAetatik behera jaistera lanegunean zehar. Legeriak 80 dBAetatik gora laneko gaixotasuna izateko arriskua aitortzen du. 87ko muga ez da ez segurua, ez osasungarria, baina sindikatuentzat maila hori betetzea da erronka. Gaur egun, milaka lanpostu daude 90 dezibeliotatik gorako zarata dutenak, 1316/89 Dekretuak horiek murrizteko inbertsioak egitera derrigortzen duen arren. Prebentzioa ezin da entzumen babeslera mugatu. Beharrezkoa da jatorrizko prebentzioa egitea, murrizketa egin daiteke eta enpresek legea bete behar dute. Jesus Uzkudun, Lan Osasun eta Ingurumeneko arduraduna, Euskadiko Langile Komisioak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!