HERNANIAR askok idatzi zuen atzo koaderno orrialde bat edo zatitxo bat, 18/98
sumarioaren kontra. Herritar askoz gain, Hernaniko talde askotako jendea
inguratu zen atzo egin ziren hiru ekitaldietara.
Hiru ekitaldi
Goizean lehenengo ekitaldia Egineko egoitza aurrean egin zen. Bertsolariek
kantatu ostean, Egin egunkaria eta Egin irratiko langileen izenean hitz egin
zuten Javier Salutregi eta Marian Beitialarrangoitiak. Jarraian Gudarien plazara
joan ziren eta han Hernaniko, Usurbilgo eta Astigarragako alkate ohiek egin
zuten bere aportazioa. Mertxe Etxeberriak hitz egin zuen guztien izenean eta
azpimarratu zuen badela garaia ´askatasunean sinesten badegu elkartu eta guztien
artean sumario politiko eta ilegitimo horren kontra egiteko`.
Gudarien plazan sumarioan inputatuek hartu zuten koadernoa eta Plaza Berrira
eraman zuten. Han herritarrak izan ziren bere aportazioak idatzi zituztenak, eta
banan-bana tabladu gainera igo eta 400 ekarpenetik gora egin zituen jendeak
Kaieran. Herritarrez gain, herriko taldeek lagundu zuten ekitaldia girotzen:
Ttarla dantza taldea, Kantuz abesbatza, bertsolariak, Akelarrea...
Durangon azken eguna
Kaiera egitasmoa Iruñean abiatu eta herriz herri Durangora iritsiko da
azaroaren 12an. Durangon Euskal Herri mailako ekitaldia egingo da.